'Go!azen 9.0' ikuskizuna eskainiko dute larunbatean Baztartxo antzokian

Andoni Elduaien 2023ko ots. 7a, 08:52
Iaz ere Baztartxon izan ziren 'Go!azen' telesaiko protagonistak. (Andoni Elduaien)

Egun horretan birritan eskainiko dute ikuskizuna herriko antzokian, hain zuzen, 17:00etan eta 19:00etan. Sei euroren truke eros daitezke sarrerak Entradium atarian.

Larunbatean, Go!azen 9.0 ikuskizuna eskainiko dute Azkoitiko Baztartxo antzokian. Ikuskizunaren bi emanaldi eskainiko dituzte ETB1eko telesaileko protagonistek herriko antzoki nagusian. 17:00etan taularatuko dute ikuskizuna lehen aldiz, eta 19:00etan bigarren aldiz. 

Entradium atarian eskuratu daitezke ikuskizunerako sarrerak. Sei euro balio du sarrerak, eta ikus-entzuleek sarrera erosterakoan emanaldiaren ordu bat edo bestea hautatu beharko dute. Dena den, sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen saltzeko. Bestalde, Maxixatzenek ere martxan du Go!azen 9.0 ikuskizunerako sarreren zozketa. Udalak emandako lau sarrera bikoitz zozkatuko ditu hedabide honek bazkideen arten. Osteguneko 12:00etara arteko epea dute interesdunek horretarako.

Aurten Saioa, Gontzal eta Alain dira Basakabiko ikasle berriak. Haietako batek, ordea, sekretu bat du ezkutuan gordeta. Nola moldatuko dira ikasle berriak ikasle beteranoekin? Musikan eta dantzan oinarrituko dute aurtengoan ere ikuskizuna, baina maitasun istorioak, gezurrak eta abentura ere protagonista izango dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide