Herritarrek irudi zaharrekin gogoratu dute Urolako trena

Ane Olaizola 2023ko ots. 4a, 08:54
Atzoko saioaren irudi bat. (Ane Olaizola)

Urolako trena. Bidaia bat iraganera diapositiba emanaldia eskaini zuten Sabino Legarda-Ereño legazpiarrak eta Iñaki Galdona urretxuarrak Elkargunean, eta dozenaka lagunek jarraitu zuten saioa.

Iraganera bidaiatu zaten atzo, ostirala, azkoitiarrek, Urolako trena gogoratzeko aukera izan baitzuten. Izan ere, Sabino Legarda-Ereño legazpiarrak eta Iñaki Galdona urretxuarrak diapositiba emanaldia eskaini zuten Elkargunean, eta dozenaka lagun izan ziren hara bertaratu zirenak. Legarda-Ereñok trenari buruzko diapositibak proiektatuko zituen, eta azalpenak Galdonak eman zituen. Hain justu, trenbideko langilea izan zen Galdona.

Urolako trenak Urola ibaiaren haranean barrena egiten zuen bidea, Zumarraga eta Zumaia artean (36,6 kilometro), Azkoititik igaroz. Trenbidea egiteko, 29 tunel eta hogei zubi eraiki zituzten, eta Espainiako Estatuko lehen linea elektrikoa izan zen. Trenbidea 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuen Alfontso XIII.a Espainiako erregeak. Trena asmo handiekin sortu zuten: garraiobide modernoa, erosoa eta azkarra eskaintzea zen helburua. 160 langile izatera ere iritsi zen bolada batean trena, eta ia milioi bat bidaiari hartu ohi zituen urtero.

60 urteren ostean, 1986ko udazkenean bukatu zen trenbidearen ustiapena, eta orduan egin zuen azken bidaia ere; behin betiko itxiera, berriz, 1988ko otsailaren 2an iritsi zen. Hain justu, aste honetan bete dira 35 urte itxiera hartatik. Urolako bizilagun asko agertu zen erabaki haren aurka, baina Eusko Jaurlaritzak erabakiarekin aurrera egitea erabaki zuen.

Trenbideak eta katenaria desmuntatu zituzten, eta ondoren, bost kilometroko zati batean (Azpeitia eta Lasao artean) berriz jarri zituzten, Trenbidearen Euskal Museoko lurrunezko trena haren gainean erabiltzeko. Linearen garajea eta lantegiak museoaren egoitza izatera pasatu ziren. Trenbidearen ordez autobus linea bat jarri zuten gero, eta egun ere indarrean jarraitzen du horrek. Tren hark egiten zuen ibilbidearen zatirik handienean, berriz, bidegorria dago egokituta egun.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide