Karnabalak 2023

Eman daiteke izena karnabaletako Mozorro eta Ondoen Dekoratutako Taberna lehiaketetan

Andoni Elduaien 2023ko urt. 31a, 12:05
Iazko karnabaletako lehiakide batzuk, Balda plazan. (Ane Olaizola)

Otsailaren 17an, ostiralez, itxiko da Mozorro eta Tabernen Dekorazio Lehiaketetan izena emateko epea. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute soilik lehiaketan.

Zabalik da Azkoitiko Udalak antolatutako karnabaletako Mozorro eta Tabernen Dekorazio lehiaketetan izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan eman beharko dute izena otsailaren 17a, ostirala, baino lehen. Bulegoa astelehenetik ostiralera egon ohi da zabalik, 07:30etik 15:30era bitartean.

Bi lehiaketak otsailaren 18an, karnabaletako larunbatean, izango dira. Egun horretan Mozorro Lehiaketako partaideak eliza ataritik pasatu beharko dute 19:30etatik 20:30era bitartean. Ordu tarte horretan hartuko dute lehiaketako epaimahaikideek erabakia. Aldiz, egun horretan Andre Mariaren Jasokundeko parrokian hiletaren bat egongo balitz, epaimahaia Plazaberri erdian kokatuko da, eta mozorro lehiaketako parte hartzaileek handik igaro beharko dute.

Tabernetako dekorazioa baloratzera, aldiz, 19:00etatik aurrera joango da epaimahaia. Izena emandako tabernak bisitatuko dituzte epaimahaikideek ordutik aurrera. Sari banaketa ekitaldia herriko plazan jarriko duten oholtzan egingo dute, 21:00etan. Mozorro lehiaketan parte hartzeko 16 urte edo gehiago behar dira, eta epez kanpoko izen-emateak ez dituzte onartuko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide