Azkoitiko Irakurle Taldeak Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria' landu du urteko lehen saioan

Andoni Elduaien 2023ko urt. 25a, 09:16
Kultur Etxean egin zuten atzo saioa. (Argazkiak: Azkoitiko Irakurle Taldea)

Nerea Ibarzabal idazlea eta bertsolaria Kultur Etxean izan zen berak idatzitako Bar Gloria (Susa, 2022) eleberriaz hizketan. Hurrengo saioa martxoaren 21ean egingo dute, eta Gerrak ez du emakume aurpegirik (Elkar, 2017) liburua landuko dute.

Atzo, asteartea, Azkoitiko Irakurle Taldeak urteko lehen saioa egin zuen Kultur Etxean. 19:00etan hasita, Nerea Ibarzabal idazleak eta bertsolariak idatzitako Bar Gloria (Susa, 2022) eleberria izan zuten hizpide. Bertsolari markinarrak literaturaren arloan kaleratu duen aurreneko liburua da Bar Gloria. Gainera, hura Azkoitian izan zen eleberriari buruzko azalpenak ematen. Ohi bezala, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak dinamizatu zuen taldearen saioa, Kultur Etxean elkartu ziren 22 lagunen aurrean.

Ibarzabal, Aranbarri alboan duela, azalpenak ematen.

Hurrengo saioa martxoaren 21ean, asteartez, egingo du irakurle taldeak. Orduan, Iker Sanchok itzulitako Svetlana Aleksievitxen​ Gerrak ez du emakume aurpegirik (Elkar, 2017) liburua izango dute hizketagai Kultur Etxean, 19:00etan.

Argibide gehiago behar duenak azkoitikoirakurletaldea@gmail.com helbide elektronikora idatz dezake.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide