Azkoitiko Udal Artxiboko Erdi Aroko iturri dokumentalak, liburuan jasota

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 25a, 10:30

Erdi Aroko Azkoitiko Udal Artxiboko kontuak eta dokumentuak biltzen dituen bi liburu plazaratu ditu Azkoitiko Udalak Eusko Ikaskuntzarekin batera: Archivo municipal de Azkoitia II (1501-1530) y libro de cuentas (1501-1550) eta Archivo municipal de Azkoitia III. Documentacion eclesiastica (1452-1537). Atzo aurkeztu zituzten liburukiak Azkoitiko Elkargunean, eta bertan eman zituzten liburuotan jasotako edukien inguruko xehetasunak. "Urte luzeko lanaren emaitza" dira aurkeztutako liburuak. 

Azkoitiko Udal Artxiboko Erdi Aroko Iturri Dokumentalen azken bi liburukiak aurkeztu dituzte Eusko Ikaskuntzak eta Azkoitiko Udalak: Archivo municipal de Azkoitia II (1501-1530) y libro de cuentas (1501-1550) eta Archivo municipal de Azkoitia III. Documentacion eclesiastica (1452-1537). Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia Elkarguneko Oteiza aretoan, eta herritar zein aditu ugari bertaratu zen hitzordura. Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen ekitaldiak, eta aurkezpenean zehar aletu zituzten liburuak plazaratu aurreko dokumentazio, transkribazio, digitalizazio eta argitaratzeko lanen inguruko xehetasunak. Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko Udaleko Ondare zinegotziaren hitzetan, bi liburukien argitalpena "ito bat da" Azkoitiko historiaren barruan. Horren karietara, eskerrak eman zizkien proiektua posible egin dutenei eta babesa eman dioten guztiei. "Ea guztion artean gure herriko historia egiten dugun", borobildu zuen. 

Atzo aurkeztutako bi liburukiak Eusko Ikaskuntzaren Fuentes Documentales Medievales del Pais Vasco bildumaren barruko liburukiak dira. Hain zuzen, Eusko Ikaskuntzako Rosa Ayerbek, Victor Herrerok, Ana Maria San Miguelek eta Montserrat Fernandezek parte hartu dute proiektuaren lanketan, eta aurkezpenean izan ziren atzo. Horiez gain, beste hainbat pertsonek ere kolaboratu dute lanketan, besteak beste, Jose Ignacio Telletxeak, Simon Aranbarrik, Sebastian Goñi kanonigoak, Joseba Goñik eta Saturnino Ruiz de Loizaga Vatikanoko artxibozainak.

"Historia egiteko" liburuak

Azkoitiko Udaleko ondare zinegotziak adierazi zuenez, "iturri zaharreko ur zaharra" da aurkeztu dutena; ukitu gabeko Azkoitiko dokumentuak, hain zuzen. "Merezi duten liburuak dira; herentzian uztekoak, historia egiteko balioko dutenak; izan ere, betirako geldituko diren iturriak dira". Hori dela eta, argitalpenak posible egiteko lanean aritu direnen "lan isil eta nekaezina" eskertu zuen Mendizabalek: "Horiei esker askotariko agiriak, Aita Santuaren buldak eta latinez zeuden dokumentuak itzuli ahal izan ditugu. Urteetako lana izan da". Mendizabalek aurreratu zuenez, liburuotan eskuragarri daude, beste askoren artean, parrokiako planoak, udaletxeko inbentarioak, banderari aipamena egiten dioten dokumentuak eta gerren inguruko agiriak.

Archivo municipal de Azkoitia II (1501-1530) y libro de cuentas (1501-1550) liburukian Azkoitiko udal artxibategian gordeta dauden Erdi Aroko azken hamabost agiriak (1501-1530) eta Donostiako Elizbarrutiaren artxibategian jasota duten Azkoitiko lehen kontu-liburua (1501-1550), bildu dituzte. Rosa Ayerbek, Victor Herrerok, Ana Maria San Miguelek eta Montserrat Fernandezek egin dute lana, eta haien hitzetan "Azkoitiko eta Gipuzkoako historia aztertzeko oinarrizko dokumentuak" dira guztiak.

Herrerok azaldu zuenez, askotariko informazioa jasotzen da iturriotan, hala nola arlo juridikoan, sozialean zein militarrean egindako ordainketena: "Kontuak erreparatuz jakin dezakegu zer nolako azpiegiturak eta obrak egin ziren herrian, zer lan egin zituzten basozainek, garaiko poliziek edota erlojuzainek, baita haiek nor ziren ere. Era berean, jakin dezakegu zer nolako ekitaldiak antolatzen ziren, zezenketak antolatzen zirela, zenbat balio zuten zezenek, zer baserritako ganadua ekartzen zen herrira etbr... Gastu militarreko datuak ere jasotzen dira kontuotan. Ezin dugu ahaztu gerra eta gatazka handiko garaia zela hura".  Bitxikeria bat ere kontatu zuen Herrerok: "Kontu-liburua deitzen zaion arren, izatez banaketa kontuak jasotzen dituzte dokumentuok. Garai hartan, orain bezalatsu, herriko gastuak diru-sarrerak baino handiagoak ziren, eta zor hori herriko biztanleen artean banatzen zen", azaldu zuen. Hori nola egiten zuten ere azaldu zuen, bitxikeria gisa.     

Archivo municipal de Azkoitia III. Documentacion eclesiastica (1452-1537) liburua, Rosa Ayerbek eta Ana Maria San Miguelek ondu dute. 1452. urtetik 1537ra bitarteko epealdian Azkoitiko udal artxibategian gordetako eliza-dokumentazioa jaso dute bertan, eta Azkoitiko dokumentu-ondare aberatsaren hirugarren liburukia da. Liburuan jaso dituzte, besteak beste, Aita Santuaren bulak, Baldako Santa Maria elizaren zaindaritzaren inguruko dokumentazioa edota parrokiko planoak.

Monserrat Fernandezek ere hartu zuen hitza atzo, eta iturri dokumentalak liburuan jaso arteko prozesuaren zailtasunez eta atzeko lanaz aritu zen. Hark azaldu zuen kontu-liburuaren atzean "transkribazio lan ikaragarria" dagoela, bidean aurkitutako zailtasunak tarteko. "Donostiako Elizbarrutiaren artxibategian jasota dute Azkoitiko lehen kontu-liburua, eta saiatu ginen hura  berreskuratzen, baina ezezkoa jaso genuen behin baino gehiagotan. Digitalizatzeko baimenik ere ez ziguten eman, eta, horrenbestez, hara joan behar izaten genuen liburua irakurtzera eta orriz orri transkribatzera. 2009an hasi ginen horretan, eta 2012an amaitu genuen". Era berean, zailtasun tekzinoez ere aritu zen. Fernandezek argitu zuen 2016an adostu zutela Eusko Ikaskuntzak eta Azkoitiko Udalak liburuok argitaratzea, baina hainbat kontu eta COVID-19a tarteko atzora arte atzeratu zela aurkezpena. 

Udalaren arabera, "Azkoitiko herriak Gipuzkoako historian izan duen protagonismoa berresten duen bilduma" da plazaratu dutena. Hain zuzen, atzo aurkeztutako bi liburuek 1993an argitaratu zuten lehen liburukia –Documentación Medieval del Archivo Municipal de Azkoitia (m.s. XIII-1500)– osagarritzen dute.

Formakuntza eta baliabideak, "ezinbesteko"

Rosa Ayerbek ikertzen eta historia dokumentatzen jarraitzearen garrantzian egin zuen azpimarra, eta adierazi zuen horretarako ezinbestekoa dela "erakundeen ekarpena eta babesa". Zentzu horretan eskerrak eman zizkion Azkoitiko Udalari "lan egiteko emandako babes eta baliabideengatik nahiz erakutsitako sentsibilitateagatik". Historialarien formakuntza ere izan zuen hizpide, eta aipatu zuen gaur egun gutxi direla paleografia ikasten dutenak. Hori dela eta, iturri dokumentalen berreskuratzea "berandu baino lehen" martxan jartzea "garrantzitsua" dela aipatu zuen, eta dei egin zien inguruotako erakundeetako ordezkariei, haiek ere beren alea jar dezaten. Ayerbek esan zuenez, inguruotako herrietan badago "hutsunea", eta Azpeitian lan asko egiteko dagoela azaldu zuen. "Iturri dokumentalen artxibo aberatsa du Azpeitiak, baina lan asko dago egiteko". Azkoitia, Azpeitia, Tolosa eta Donostia Gipuzkoako hiriburuak izan ziren.

Ekitaldia amaitzean, Azkoitiko Udaleko ordezkariek liburuak banatu zizkieten bertaratutako herritarrei. Era berean, gogoraratu zuten lanok eskuragarri daudela formatu digitalean Eusko Ikaskuntzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide