Zergatik mobilizatu urtarrilaren 28an?

Amaiur Gartzia Astilleros, Aitzol Briz Lazkano eta Jon Mangas Ibarzabal (Urola Erdiko GKSko kideak) 2023ko urt. 24a, 08:45
Urola Erdiko GKSko hiru kideak. (GKS)

Amaiur Gartzia Astilleros, Aitzol Briz Lazkano eta Jon Mangas Ibarzabal Urola Erdiko GKSko kideek honako gutun hau bidali dute erredakziora, urtarrilaren 28an Bilbo eta Iruñean egingo diren manifestazioen harira.

Guztion ahotan daude azkenaldian gasolinaren eta oinarrizko bizi bitartekoen prezioen gorakada, osasun publikoaren kaskartzea edo bestelakoak. Inork, ordea, azpimarratzen al du horien guztien erro komuna? Gure ustez argia da: enpresari eta bankari handien erasoaldia.

Izan ere, krisi garai honetan, langileriaren bizi baldintzak okertzeari esker aberasten dira. Horren erakusle da, gure soldatek izoztuta jarraitzen duten bitartean, oinarrizko produktuak (gasolina, elikagaiak, etxebizitza, elektrizitatea…) garestitu izana, modu horretan irabazi tartea handitzen baitute. Argi ikusten da hori, izan ere, Iberdrolak eta Repsolek irabazi historikoak izan dituzten bitartean (hiru milioitik gorakoak bakoitzak!); langileok, eta bereziki gazteok, langabezia, soldata miserableak, aldi baterakotasuna eta nagusien abusuak besterik ez dugu.

Ezin aipatu gabe utzi politikari profesionalak, beren burua arazo horiei aterabidea emango dieten agente modura aurkezten duten horiexek. Beraien politikak, ordea, sistema kapitalistak sortzen duen miseria baretzera mugatzen dira; horren adibide dira gasolinari dagokion 20 zentimoko laguntza edo bete ez den etxegabetzeen moratoria. Konponbide errealak planteatu beharrean, enpresari handiei onuragarriak zaizkien politikak daramatzate aurrera: kode penalaren gogortzea, poliziaren soldata nahiz baliabideen areagotzea, okupazioaren aurkako legea… Zentzu horretan, erasoaldiaren parte dira.

Horregatik, erabat beharrezkoa da enpresari, bankari eta politikarien influentziatik kanpo antolatzea, gazteon artean egoera honen errudunak seinalatzea eta borrokarako grina hedatzea. Beraz, urtarrilaren 28an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide