Hirukurutzetako eta Karakateko inguruak ezagutzeko mendi irteera, larunbatean

Andoni Elduaien 2023ko urt. 25a, 13:07
Kakuetara egindako lehen irteerako irudi bat. (Anaitasuna Mendi Bazkuna)

Gure Txokoak ezagutzen ekimenaren bigarren mendi ibilaldia izango da zapatukoa. Mendizaleak 08:30ean abiatuko dira Balda plazatik Urrategi auzora. Behin hara iritsita, Hirukurutzetako eta Karakateko gurutzeak egingo dituzte, eta ibilbidea osatutakoan, berriro herrira itzuliko dira.

Anaitasuna Mendi Bazkunak Gure Txokoak ezagutzen izeneko ekimena jarri zuen abian 2022ko Urtezahar egunean. 70 bat herritar igo ziren orduan Kakueta mendira egindako mendi irteeran. Larunbatean, ekimeneko bigarren ibilaldia egingo dute, eta Urrategi, Hirukurutzeta eta Karakate lotuko dituzte. Aurreneko irteeran bezala, zapatuan ere Balda plazatik abiatuko dira mendizaleak, 08:30ean. Dena den, larunbateko irteera lehena baino luzeagoa izango da, eta hori horrela, antolatzaileek hamarretakoa eramateko gomendioa egin diete parte hartzaileei.

Anaitasuna Mendi Bazkunak eta herriko gazte talde batek elkarlanean abiatutako ekimena da Gure Txokoak ezagutzen. Ekimen irekia da Anaitasuna Mendi Bazkunarena, eta "zailtasunik ez dute" izango egingo dituzten mendi irteerek. Hori horrela, herritar orok parte hartzeko moduko ibilaldiak egingo dituztela gaineratu dute ekimenaren sustatzaileek. "Askotan, bakarrik ez joateagatik, etxean geratzeko joera dago. Taldean eta eguna zein ordua jarrita errazago atertzen gara etxetik", adierazi dute ekimenaren sustatzaileek.

Larunbateko mendi ibilaldiaren ondoren, otsailaren 25ean, larunbatez, egingo dute hurrengo irteera. Balda plazatik abiatuta, Kukuherrira eta Samiñora joango dira orduan parte hartzaileak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide