Asteburu ederra izan da Anaitasunarentzat

Julene Frantzesena 2023ko urt. 22a, 19:30
Anaitasunako emakumeak atzo.

Emakumeen Euskal Ligako taldeak 1 eta 2 irabazi zuen atzo Leioako Emakumeak taldearen kontrako norgehiagoka. Espainiako Hirugarren Mailako gizonen lehen taldeak, berriz, puntu bat lortu du Portugaleteren kontra.

Anaitasunarentzat ez da batere txarra izan asteburua. Izan ere, Emakumeen Euskal Ligako taldeak garaipena eskuratu zuen atzo, eta Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak, berriz, berdindu egin du gaur.

Emakumeek Leioan (Bizkaia) jokatu zuten partida atzo, zapatuarekin. Leioako Emakumeak taldeko jokalariak izan zituzten aurrez aurre, eta partida zaila bazen ere, irabaztea lortu zuten. Hiru puntuak poltsikoan zituztela itzuli ziren etxera Mikel Barkerok zuzentzen duen taldeko emakumeak, Leioako Emakumeak taldea 1 eta 2 menderatuta. Partidaren hirugarren minutuan sartu zuen Leioak gola, eta handik 11 minutura berdindu zuen markagailua Maiderrek. Anaitasunaren bigarren gola 22. minutuan sartu zuen Arrik.

Anaitasunako gizonen lehen taldeak, berriz, Portugalete taldea izan dute gaur aurrez aurre. Etxetik kanpo jokatu dute neurketa Xabier Artetxek zuzentzen duen taldeko jokalariek, eta puntu bikaina eskuratu dute, hutsean berdinduta. Lehen zatian nagusi izan da Anaitasuna, eta bigarrenean, berriz, Portugalete. Dena den, ez dute golik sartzerik lortu.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide