Antropozenoa

Aitor Sudupe 2023ko urt. 20a, 11:39

Aitor Sudupek honako gutun hau igorri du Maxixatzenera.

2000. urtearen inguruan ezagutarazi zuen antropozeno kontzeptua Paul Crutzenek, kimikako Nobel saridunak. Termino hori berotegi efektuko gasen pilaketa azkarrak eta baliabide naturalen gehiegizko kontsumoak eragindako kalte itzulezinek kliman eta biodibertsitatean dituzten ondorioak izendatzeko sortua izan zen, eta eztabaida sutsuak eragin ditu zientzialarien artean, terminoak, garai geologiko berri bat izendatzeko balioko ote duen edo.

Hau honela, arazoak begi bistakoa dirudi, eta lausoagoa konponbideak, izan ere, errealitatea ikusteko ezezko kolektibo bat dago, aurrerapenean sineste inozo, pentsamolde kontsumista eta talde ekonomiko indartsuek eragindako presioen ondorio. Paul Crutzeni, ordea, hanka egiten dio puntu garrantzitsu batek bere definizioan, ez baitu aipatzen gaur egun bizi dugun eredu kapitalista antropozenoaren eragiletzat, fenomeno hori gertatzearen errua gizabanakoon aktibitate axolagabeari soilik egotziz.

Eredu honetan, sozialdemokratak, kontserbadoreak, ezkertiar "progreak", postfrankistak, kapitalistak, demokratak, katolikoak, intelektualak... guztiak oso eroso daude, langile guztiok so egiten dugularik miseria, esplotazioa eta injustizia dakartzan eredua, gerrak sortzeko ezinbesteko beharra duena, eta erremedio gabe munduaren suntsipenera garamatzana. Hala eta guztiz ere, mandatari hauek sortu eta garatutako tresnetatik edaten jarraitzen dugu (Twitter, Instagram, e.a.).

Honen harira, Vanda Shiva autore ekofeministaren hitzak datozkit gogora, zeinak argi eta garbi dioen informazioa eta komunikabideak diruaren bidez kontrolatuak direla, sare sozialak barne, gure bizitzaren alderdi pertsonalenetan ere kontrola inposatuz. Hori honela, patriarkatuaren eta kapitalaren kontrako borrokan komunikabide eta sare sozial propioak sortzearen beharra azpimarratzen du, trantsizio ekologiko batean (gaur egun oso modan dagoena), boterea burgesiaren eskuetatik langileen eskuetara pasatzea nahi badugu.

Bideratu dizkiguten "trantsizio ekologikoak" faltsuak dira, ordea, energi berriztagarrien makro-proiektuen bultzatzaile diren bitartean, hazkunde ekonomikoarekin jarraitzea baita beraien xede bakarra, desazkundeko planteamendu orokor bat gauzatzeari uko eginaz; Sañu eta Oletako makro-proiektuak ditugu adibide gertukoen.

Eredu horrek hazkundearen izenean ziklo natural guztiak suntsitzen dituen heinean, behartu egiten gaitu gizartearen biziraupena eta askatasunaren aldeko borrokan parte hartzera, honek gizarte bidegabe bat sortzea ekarri baitu, non gutxi batzuen gehiegizko kontsumoak, xahutzeak eta aberasteak, gehiengoaren pobreziara eraman gaituen.

Paulo Frei pedagogo brasildarraren ustez, badago eredu hori aldatu behar delako sentimendu bat klase zapalduen artean. Bere hitzetan, klase menperatzaileek gizartearen kontzientziak menderatzen dituzte, eta horri aurre egiteko "Zapalduen pedagogia" delakoa landu beharra daukagu, baina ez dago horretarako estrategia nahikorik.

Ezin dugu munduaren existentzia bizi garen eredu honen esku utzi, garbi eta ozen esan behar dugu ez dagoela soluziorik kilma krisiaren konponbidean, eredu honetatik irteten ez badugu. Samir Amin-en esanetan, "sistema kapitalistatik askatzea nahi duten alderdi eta nazio guztiek bat egin behar dute, mugimendu ekologiko globalarekin txertatuz eta borroka unibertsala kapitalismo eta inperialismoaren aurka emanaz". Eraldaketarako proiektu iraultzaile bat eratzeko gai ez bagara, munduaren suntsiketa ekarriko duen sistema batek jarraituko duela hau gobernatzen, alegia.

Kapitalismoa munduaren suntsiketaren erantzule moduan aurkezten dugunean, orduan hasiko gara arazoei konponbideak aurkitzen. Klima aldaketaren aurkako borrokan gauza bat bereizi beharra daukagu: kapitalismoaren aurkako borrokak berebizikoa izan behar duela alegia, arazoari benetako irtenbiderik aurkitzea nahi badugu.

Guzti honi irtenbidea bilatzeko gai bagara, kapitalismoaren hondamendia eta munduaren salbazioa bizitzeko gauza izango gara.

Makroproiektu kapitalistarik ez!

Sañu eta Oleta bizirik!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide