Lanbidek diruz lagunduta, Kudeaketa Energetikoaren eta Aldaketa Klimatikoaren gaineko teknikaria kontratatuko du udalak

Andoni Elduaien 2023ko urt. 20a, 09:00

Dagoeneko eman daiteke izena lanposturako. Udalak azaldu du lanaldi osorako lan eskaintza dela, eta urtebeterako kontratua egingo zaiola hautatutako pertsonari. Datorren asteazkenean, hilak 25, itxiko da izena emateko epea.

Lanbidek diruz lagunduta, Azkoitiko Udalak lanaldi osorako Kudeaketa Energetikoaren eta Aldaketa Klimatikoaren gaineko teknikaria kontratatuko du urtebeterako. Erakundeak jakinarazi duenez, abian da hautaketa prozesua, eta izena emateko epea urtarrilaren 25ean itxiko da. Izena Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean eman beharko dute interesdunek.

Hautagaiek hainbat baldintza bete beharko dituzte bere hautagaitza aurkezteko. Hain justu, ingeniaritza titulua edo zientzia arloko gradua izatea eskatuko da; euskararen hirugarren mailan edo baliokidea izatea; informatikan ezagutza izatea; langabea izatea nahiz Lanbiden enplegu eskatzaile bezala alta emanda egotea; 16 eta 30 urte bitartekoa izatea; Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizitzea; eta, lan kontratua praktikaldian hitzartzeko eskakizunak betetzea.

Lan eskaintza Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan kokatu dute udalak eta Lanbidek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide