Kaleko iturriak itxiko dituzte, izotzak ez dezan kalterik eragin

Ane Olaizola 2023ko urt. 19a, 15:07
Iturria, Trenbidearen Zumardian.

Sakagailuarekin irekitzen diren kaleko iturriak ez dira erabilgarri egongo "denboraldi batean", eta bizikleten garbigunea ere itxita egongo da.

Gipuzkoako Urakek sakagailuarekin irekitzen diren kaleko iturriak itxiko ditu Azkoitian, udalak jakinarazi duenez. Haren arabera, beraz, iturri horiek ez dira erabilgarri egongo "denboraldi batean", egunotarako iragarrita dauden izozteek hondatu ez ditzaten. Izan ere, iturriaren malgukia izozten bada, matxuratu egiten da haren mekanismoa.

Ordea, sakagailurik ez duten iturriek ohiko moduan jarraituko dute zabalik. Beraz, herriko plazako iturria zein Barriketakoak erabilgarri izango dira.

Bestalde, bizikleten garbigunea ere itxita egongo da eguraldiari dagokion egoera "hobetu" bitartean. Izan ere, hango hoditeriak ere hondatu egin daitezke izotzarengatik, erakundeak azaldu duenez.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide