Eman daiteke izena emakumeak ahalduntzeko ikastaroetan

Andoni Elduaien 2023ko urt. 19a, 11:47
Udazkeneko saioetan 'Erditu Ondorengo Ikastaroa' eskaini zuten. (Udala)

Guztira, emakumeei zuzendutako bost ikastaro prestatu ditu udaleko Berdintasun Sailak urtarriletik ekainera bitartean gauzatzeko: haurdunaldirako yoga ikastaroa, Batukada Feminista, xilografia ikastaroa, Hitz Ahalduntzen eta Berdintasuna Trikotatzen. Hilaren 31ra bitartean eman daiteke izena ikastaroetan.

Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak urtarriletik ekainera bitarteko emakumeak ahalduntzeko ikastaroak prestatu ditu. Bitarte horretan, haurdunaldirako yoga ikastaroa, Batukada Feminista, xilografia ikastaroa, Hitz Ahalduntzen eta Berdintasuna Trikotatzen saioak eskainiko dituzte, eta interesa dutenek zabalik dute izen-ematea, hilaren 31ra artean.

Batukada Feministaren saioak Azkoitian zein Azpeitian eskainiko dituzte aurreneko aldiz. Hain zuzen ere, astelehenetan izango dira saioak ekainaren 12ra bitartean, 18:00etatik 20:00etara, Xabier Munibe Ikastolan eta Azpeitiko Emakumeen Txokoan, txandaka. Udalak azaldu du 2022ko ikastaroaren jarraipena dela, baina parte hartu nahi dutenentzat izen-ematea zabalik dagoela.

Haurdunaldirako yoga ikastaroa ere astelehenetan izango da, urtarrilaren 23tik ekainaren 26ra; 18:30etik 20:00etara egingo dituzte yoga saioak, Elkargunean. Xilografia ikastaroaren saioak, berriz, asteazkenetan izango dira, martxoaren 1etik apirilaren 19ra bitartean; Kultur Etxeko laugarren solairuan elkartuko dira, 18:00etatik 20:00etara bitartean; Hitz Ahalduntzen ikastaroa, bere aldetik, asteazkenetan eta ostegunetan egingo dute ekainaren 15era bitartean, 15:00etatik 17:00etara, Elkargunean. Puntua oinarri duen Berdintasuna Trikotatzen ikastaroa astearteetan eta ostiraletan egingo dute, 15:15etik 16:45era artean. Otsailaren 14tik maiatzaren 5era luzatuko da azken ikastaro hori.

Saioetan parte hartzeko izena, berriz, berdintasuna@azkoitia.eus edo azkoitia@azkoitia.eus helbide elektronikoetara idatzi beharko da, edo, bestela, 943-54 20 14 edo 943-08 00 80 telefono zenbakietara deitu. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 31a izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide