Maiatzera arteko kultur egitarauaren berri eman du udalak

Andoni Elduaien 2023ko urt. 18a, 14:43
'Ez naiz inoiz Dublinen egon' antzezlanaren irudi bat. (Tentazioa)

Larunbatetik maiatzaren 6ra bitartean, bederatzi kultur ekitaldi ikusteko aukera egongo da Azkoitiko Baztartxo antzokian. Datozen asteetan, bost antzezlan, hiru kontzertu eta ikuskizun bat ikusi ahal izango dituzte han herritarrek. Ekitaldi ia guztietarako sarrerak eskuratu daitezke Entradium atarian.

Azkoitiko Udalak gaur, asteazkena, eman du maiatzera bitarteko kultur egitarau guztiaren berri. Urtarrileko eta otsaileko antzezlanak eta ikuskizunak zituen jakinarazita gaur arte, baina, orain, urteko bosgarren hilabetera artekoak jakinarazi ditu.

Hain justu, larunbat honetan (19:00) emango diote hasiera Baztartxo antzokiko kultur ikuskizunari Txalo Produkzioak konpainiaren Kottauak antzezlanarekin. Otsailaren 4an, bestalde, Txalo Produkzioaken Hobe ixilik! antzezla eskainiko dute, 19:00etan. Go!azen 9.0 ikuskizuna, berriz, otsailaren 11n izango da; lehen emanaldia 17:00etan izango da, eta bigarrena, 19:00etan.

Martxoan, hiru ikuskizun izango da Baztartxon. Hilaren 4an, Tentazioa Produkzioak konpainiaren Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlana ikusi ahal izango dute herritarrek, 19:00etan. Martxoaren 25ean, haurrentzako Arrainak bihotzean antzezlana eskainiko du Mar-mar Teatrok, ordu berean. Hilaren 31n, berriz, Sexberdinak antzezlana eskainiko du antzokian Ttanttaka Teatrok, 19:00etan.

Apirila, ostera, Oskarbi taldearen eta Azkoitiko Iraurgi abesbatzaren kontzertuarekin hasiko da. Hilaren 1ean, 19:00etan, eskainiko dute emanaldia bi taldeek elkarlanean, Baztartxon. Apirilaren 22an, Kantu Kolore taldeak haurrentzako Esna zaitez ikuskizuna aurkeztuko du, 18:00etan. Maiatza arte udalak programatutako egitaraua, berriz, Eñaut Elorrieta abeslariak itxiko du; maiatzaren 6an izango da haren kontzertua Baztartxon, 19:00etan.

Dagoeneko Entradium atarian eskuratu daitezke ekitaldi ia guztietarako sarrerak –Sexberdinak antzezlaneko sarrerak ez dituzte jarri saltzen oraindik–. Honako lotura honetan eros daitezke ekitaldi bakoitzerako sarrerak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide