Zerbitzu gutxiago eta geltoki aldaketak izango dira Azkoitia-Donostia autobus linean ostiralean

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 18a, 09:59
Lurraldebusen autobus bat.

San Sebastian eguna dela eta, goiz-eguerdiko hainbat zerbitzutan autobus geltokia izango da geltoki zein abialeku bakar.

San Sebastian eguna da etzi, eta Donostian ospatuko duten festa egunak eragina izango du Azkoitia-Donostia autobus linearen zerbitzuetan.

Lurraldebusek astegunetan zein larunbatetan ohi baino zerbitzu gutxiago eskainiko ditu ostiral honetan Azkoitia eta Donostia artean, bi norabideetan. Hamabost autobus irtengo dira Azkoititik Donostiara bidean: 06:45eko zerbitzua izango da eguneko lehendabizikoa, 20:45ekoa azkena, eta tartean orduero izango dira autobusak. Donostiatik Azkoitira bidean ere hamabost zerbitzu eskainiko dituzte La Guipuzcoanaren autobusek, orduero, 08:05ean hasita; 22:05ekoa izango da eguneko azkena.

Gainera, Donostiako geltokietan ere aldaketak egingo dituzte Azkoitia-Donostiako lineako autobusek etzi. Horrela, Azkoititik 09:45 eta 13:45 artean irteten diren zerbitzu guztiek autobus geltokian izango dute Donostiako geraleku bakarra, eta Donostiatik 10:05 eta 15:15 artean irteten diren zebitzuak erabili nahi dituztenek ere hiriburuko autobus geltokiraino joan beharko dute autobusa hartzera, kaleko geltokietan ezingo da autobusik hartu tarte horretan. Hain zuzen ere, aipatutako ordu tarte horretan Donostiatik irtengo diren zerbitzuetan autobusa ordu laurdenez geltokian zain egongo dela jakinarazi du La Guipuzcoanak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide