Esleitu dituzte Floreaga auzoko irisgarritasun proiektuaren bigarren faseko obrak

Ane Olaizola 2023ko urt. 17a, 11:05

Bi enpresa aurkeztu dira lehiaketara, eta udalak Egurki Eraikuntzak S.L.-ri esleitu dizkio lanak. Enpresak 994.235 euroko aurrekontua du proiektua gauzatzeko, eta bost hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute. Aizkibel eta Zuazola kaleen arteko bidegurutzean igogailua egingo dute, eta handik, bi pasabide egingo dituzte: bata, Zuazola plazara, eta bestea, Floreaga Berri plazara.

Azkoitiko Udalak esleitu ditu Floreaga auzoko irisgarritasun proiektuaren bigarren faseko lanak. Bi enpresa aurkeztu dira lehiaketara: Egurki Eraikuntzak S.L. eta Altuna y Uria S.L, eta udalak lehenengoari esleitu dizkio obrak. Enpresak 994.235,00 euroko aurrekontua du proiektua gauzatzeko (BEZ barne), eta aurreikuspenen arabera, bost hilabetetan amaituko ditu lanak.  

Bigarren faseko lanetan igogailu bat jartzea, hari bi pasabide lotzea eta gunea urbanizatzeko lanak egitea aurreikusten du udalak. Hain zuzen ere, Aizkibel eta Zuazola kaleen arteko bidegurutzean kokatuko lukete igogailua, eta handik, bi pasabide egingo dituzte: bata, Zuazola plazara, eta bestea, Floreaga Berri plazara. Igogailuaren lehen solairuak Zuazola plazara eramango luke, eta bigarrenak Floreaga Berri plazara. Modu horretara, lehenengo faseak eta bigarrenak auzoko gune ezberdinak konektatuko dituen ibilbide bakar bat osatuko dute, Aizkibel kalean 16,5 metroko desnibela libratuz.

Joan zen urrian, udalak bigarren aldiz atera zituen lizitaziora Floreagako bigarren faseko lanak. Erakundeak maiatzean atera zituen lizitaziora lanak aurreneko aldiz, baina orduan lehiaketara enpresarik aurkeztu ez zenez, hutsik gelditu zen prozesua. Erakundearen arabera "materialen prezioen igoerak" eragin zuen hori. Ondorioz, aurrekontua bera ere igo egin zen bigarren deialdian —231.110 euro gehiago—.

Javier Zubizarreta alkatearen hitzetan, lizitazioa bigarrengoz atera behar izateak sei hilabeteko atzerapena eragin du. "Saiatuko gara obren hasiera bizkortzen, eta edonola ere, aste gutxiren barruan, obrak martxan izango dira. Oraingo lizitaziora bi eskaintza aurkeztu dira behintzat. Prezioen gorakadak aurrekontuak eguneratzera behartu gaitu, eta proiektuaren arabera, igoerak esanguratsuak dira. Floreagaren kasuan, gure konpromisoa sendoa da. Aurrera jarraituko dugu geratzen diren faseak gauzatu arte".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide