Luizia izan da Martirieta auzoan

Julene Frantzesena 2023ko urt. 17a, 10:52
Irisarri baserriaren inguruan izan den luizia. (Azkoitiko Udala)

Irisarri baserrirako sarbidea oztopatu du lur jausiak. Udalak azaldu duenez, errepidea garbitzea dute orain xede. Martirietarako errepidea irekita dago.

Azken orduetako eguraldiaren eraginez, luizia gertatu da Martirieta auzoan, Irisarri baserriaren inguruan. Baserri horretarako sarbidea itxita dago, Udalak adierazi duenez; izan ere, lur jausiak baserrirako bidea itxi du. Udaltzaingoa han izan da, baita Udaleko obretako eta zerbitzuetako burua ere, eta erakundeak azaldu duenez, "lehenbailehen errepidea garbitzea" dute orain xede.

Irisarri baserrirako pasabidea itxita badago ere, Martirietarako errepideak zabalik jarraitzen du; hau da, luiziak ez du eraginik izan errepide horretan. Udalak adierazi duenez, baina, euriteak eta haizeak kalteak eragiteko arriskua "areagotu" egin da, eta "har daitezkeen neurriak hartzea" gomendatu du erakundeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide