Porrotarekin ekin dio Anaitasuna Kakute xake taldeak Gipuzkoako Ligari

Andoni Elduaien 2023ko urt. 15a, 13:24
LarraƱagak lortu zuen azkoitiarren atzoko garaipen bakarra. (Anaitasuna Kakute)

1,5 eta 2,5 galdu zuen atzo Azkoitiko xake taldeak Legazpiko (Gipuzkoa) Santikutz taldearen aurka. Jose Joaquin Larrañagak lortu zuen taldearen garaipen bakarra, eta puntu erdia Juan Carlos Valorrek. Ion Kuendek eta Anibal Fernandezek, berriz, galdu egin zuten. Datorren astean, Zarautz liderra bisitatuko dute.

Atzo ekin zion Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeak Gipuzkoako Xake Federazioaren Gipuzkoako Ligari. Legazpiko (Gipuzkoa) Santikutz taldearen aurka jokatu zuten atzo Azkoitiko Kultur Etxean, eta azkoitiarrek 1,5 eta 2,5 galdu zuten. Azkoitiko xake taldeak Preferente mailan –Gipuzkoako mailarik gorenena– jokatuko du aurtengo liga txapelketa.

Ion Kuenderen porrot goiztiarrarekin hasi zen atzoko jardunaldia; eguna zapore garratzarekin amaitu zuen xakelariak. Dena den, Jose Joaquin Larrañagak garaipena erdietsi zuen, lehia pare-parean jarriz. Pixkanaka-pixkanaka aurkaria itxi zuen taulan Larrañagak, eta jokaldi polita eginda borobildu zuen partida. Anibal Fernandezek, berriz, galdu egin zuen hirugarren lehia. Nahiz eta taulan izan zuen posizioaz eta partidaz gustura geratu zen Fernandez, asko luzatu zen denboraz. Juan Carlos Valorrek, bestalde, berdindu egin zuen laugarren taulan. Garaipena ondo bideratuta izan zuen hark, baina ordulariak estututa puntu erdia eskuratu zuen taldearentzat.

Gipuzkoako Ligaren lehen jardunaldia jokatu ostean, Anaitasuna Kakute xake taldea sailkapeneko seigarren postuan da 1,5 punturekin. ZKE Zarautz jarri da sailkapenaren buruan lau punturekin. Hain zuzen, xake jokalari azkoitiarrek liderraren etxean jokatuko dute datorren larunbatean. Atzoko lau jokalariez gain, Anaitasuna Kakuteren taldea honako hauek osatzen dute: Hector eta Carlos Sanchez, Xabi Ruiz eta Imanol Larrañaga.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide