GKSk hilaren 28an Bilbon egingo duen manifestaziora joateko autobusa antolatu dute

Andoni Elduaien 2023ko urt. 15a, 10:49

Azkoitiko Tta-kun tabernan eman daiteke Bilboko manifestaziora autobusez joateko izena. GKSk Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean egingo du protesta Bilboko kaleetan.

Hilaren 28an Bilboko manifestaziora joateko autobusa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS). Azkoitia eta Bilbo arteko bidaia autobusez egin nahi dutenek Tta-kun tabernan eman beharko dute izena. Dena den, ordainketa autobusean egin beharko da manifestazioaren egunean. Autobusa 16:15ean abiatuko da, Eroski txikiaren alboko autobus geralekutik. Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean egingo dute protesta Bilboko kaleetan. Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da manifestazioa, 18:00etan. 

GKSko kideek gaur egungo egoera politiko eta ekonomikoaren testuinguruan kokatu dituzte protestak. Salatu dutenez, herritar guztiek ez dituzte modu berean nozitzen "kapitalismoaren krisi sakonaren" ondorioak. Gainera, ohartarazi dute bankari eta enpresari handiak "negozioa" egiten ari direla langileen kontura. Haien ustez, "enpresari handien eta agintarien erasoaldia" da egungoa, eta egoera ez da egun batetik bestera aldatuko. "Kapitalismoaren ziklo ekonomiko berri batean sartu gara, paradigma kapitalista berri batean, eta paradigma berri horretan langileon pobrezia eta eskubideen ezabaketa ez dira salbuespenak, normaltasun berria baizik".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide