Zapore garratza duen puntua

Andoni Elduaien 2023ko urt. 15a, 09:33
Julen Aramendik aukerak izan zituen gola egiteko. (Anaitasuna)

Gorritxoek hutsean berdindu zuten atzo arratsaldean Pasaiaren aurka, Txerloian. Aukerak izan zituzten etxekoek garaipena eskuratzeko, baina, bereziki, atzoko lana egin zuen Pasaiak zaila jarri zion lehia. Emakumeen lehen taldeak, berriz, bi eta huts galdu zuen Gasteizen.

Puntuak batzea beti ona den arren, Anaitasunaren gizonek atzo Pasaiaren aurka Txerloian batutakoak ez zuen nahi bezalako zaporerik utzi taldean. Xabi Artetxeren jokalariak nagusi izan ziren berdegunean, jokoaren jabetzan lortu zuten nagusitasunetik hasi eta aurkaria bere zelaian ixteraino. Dena den, gorritxoak ez ziren gai izan sortu zituzten aukeretan gola egiteko.

Neurketaren hasiera-hasieratik izan zen nagusi zelaian Anaitasuna. Erasoko jokalariek dezentetan gainditu zuten pasaitarrek beraien area ertzean jarritako defentsa blokea. Horren adibide, Julen Aramendi; ezker jokalariak lehen hamabost minutuetan bi bider egin zuen min bere hegaletik. Aukerak bai, baina arriskutsuak sortzea kostatu egiten zitzaion Anaitasunari. Dena den, Aramendi anaietan gazteenak izan zuen abagune onena atsedenaldirako bost minutu falta zirenean. Ander Arabaolazarekin bat-biko ona eginda arean sartu zen Aramendi, baina haren jaurtiketa atezainak urrundu zuen. Pasaia, aldiz, ez zen Anaitasunaren area zapaltzera iritsi ere egin lehen 45 minutuetan.

Lehen zatian, gorritxoek zelaiaren barruko lerroetan mugitu zuten jokoa batik bat, baina bigarrenean, Artetxeren taldeak hegaletatik min egitea erabaki zuen. Zelairatu berria zen Ander Pastrian aurrelariak halako jokaldi batean izan zuen bat eta hutsekoa egiteko abagunea. Mikel Aramendik eskuin hegaletik barrura egin zuen, eta ezkerrez itxi-itxi erdiratu zuen baloia; Pastriani, ordea, gutxigatik igaro zitzaion baloia bere aurretik. Anaitasunak gehiago izaten jarraitzen zuen, aurkariaren zelaian jarraitzen zuen, baina atzean egindako akats batean Pasaiak oso gertu izan zuen gola. Gorka Masach atezainak gelditu ona egin zuen pasaitarren gola ekiditeko. 

Azkenean, puntu bana banatu zuten Anaitasunak eta Pasaiak Txerloian. Orain, sailkapenaren erdi-erdian jokatu da 21 punturekin. Datorren asteburuan, Portugaleteko (Bizkaia) La Florida zelaian jokatuko du Anaitasunak, Portugaleteren aurka. Gorritxoek hiru puntura dute Portugalete gaur, eta beraz, goiko postuetako borrokan murgiltzeko aukera ederra izango dute Artetxerenek. 

Emakumeen porrota

Bestalde, Mikel Barquerok gidatzen duen Emakumeen Euskal Ligako taldeak galdu egin zuen atzo, larunbata, Lakuaren aurka. Gasteizko Sansomendin jokatu zuten gorritxoek, eta 2 eta 0 galdu zuten. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko hamabigarrena da Anaitasuna, hamazazpi punturekin. Datorren asteburuan, Leioako Emakumeak taldearen aurka jokatuko dute, Leioako (Bizkaia) Sarriena instalazioetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide