Ados Pilota klubaren txapelketa Azkoitira iritsi da

Andoni Elduaien 2023ko urt. 15a, 09:00

Promozio mailako partidak Galeanok eta Arrastiak irabazi zuten partida, eta lehen mailako partidan, Zabaletak eta Agirrek. Giro polita sortu zen Ados Pilota klubaren jaialdian.

Atzo, larunbata, emakume pilotariek sortutako Ados Pilota klubaren eskuz binakako txapelketako bi partida jokatu zituzten Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 18:00etan hasita, promozio mailako eta lehen mailako eskuz binakako pilota partida bana jokatu zuten han. Txapelketako partidei ekin aurretik, baina, Azkoitiko Oteiza elkarteko eta Azpeitiko Ilunpe elkarteko neska pilotariek partidak jokatu zituzten frontoian.

Haurren erakustaldiaren ostean hasi ziren txapelketako bi partidak. Promozio mailako partidan, N. Galeanok eta Arrastiak 22 eta 17 hartu zituzten mendean Aranburu eta Perez. Lehia estua izan zen joko aldetik, baina Galeanok eta Arrastiak erraztasun gehiagorekin amaitu zituzten tantoak. Amaieran, Aranburuk eta Perezek estutu zuten partida, baina garaipena gorrientzat izan zen.

Lehen mailako partidan, bestalde, Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarrak ez zuen herritarren aurrean garaipena eskuratzerik lortu. Arrietak eta Zabalak 22 eta 5 galdu zuten Zabaletaren eta Agirreren aurka. Zabaletak, Agirrek babestuta, maila handia erakutsi zuen aurreko koadroetan, eta aukera gutxi eman zieten Arrietari eta Zabalari.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide