Garaipena, biziberritzeko

Andoni Elduaien 2023ko urt. 14a, 20:08
Ansorregi izan zen Lleidaren aurka taldeko onena. (Mikel 'Otola')

Juaristi ISBk merezitako garaipena erdietsi zuen atzo gauean Azpeitiko kiroldegian, ICG Força Lleida taldeari 80 eta 74 irabazita. Garaipena biziberritzeko nahiz arnasberritzeko balitu nahi dute etxekoek, denboraldi amaierara bitartean duten guduari hauspoa beteta aurre egiteko. Emakumeek, berriz, galdu egin dute arratsaldean Valentzian.

Juaristi ISBk Urrezko LEB Ligako oilarretako bat hartu zuen mendean atzo, ostirala, Azpeitiko kiroldegian. Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldeak 80 eta 74 irabazi zion ICG Força Lleida taldeari, eta zinez garaipen garrantzitsua lortu zuen mailari eusteko borrokari begira. Bisitariak partida osoan zehar behin egon ziren aurretik markagailuan –10 eta 11 ziela–, eta hori horrela izanda, ISBk merezitako garaipena eskuratu zuen zaleen aurrean.

Etxeko taldearen erritmora jokatu zuten lehen laurdena; izan ere, kasik une oro aurretik izan zen ISB. Sei puntuko abantaila edukitzera ere iritsi zen etxeko taldea, baina lehen laurdena lau puntuko errentarekin itxi zuten ISBk eta Lleidak (20 eta 16). Dena den, bigarren laurdenean jo zuen kolpea mahai gainean ISBk; izan ere, hamabi puntura ere urrundu zen une batean, markagailuan 31 eta 19 urrunduz. Bisitariek, ordea, itxura txukuntzea lortu zuten azken minutuetan, eta lehia bigarren erdian erabakitzeko utzi zuten. Hala, atsedenaldira 39 eta 31 iritsi zen aurretik Juaristi ISB.

Odriozola entrenatzailearen jokalariek ondo asmatu zuten hirugarren laurdenaren hasieran abantaila kudeatzen, baina kataluniarrek, hein batean, sailkapenaren goialdean zergatik dauden erakutsi zuten Azpeitian. Hala eta guztiz ere, lehia gogotik estutu zuten bisitariek eta azken laurdenean sartu aurretik gainera etorri ziren (60 eta 58). ISB, ordea, partidak eskatzen duen seriotasunarekin aritu zen azken laurdenaren lehen minutuetan, eta neurketa bestelako patxada batekin jokatzeko adinako zuloa ireki zuen. Kataluniarrak joan-etorrian ibili ziren, baina, azkenean, etxekoak garaipena eskuratzeko gai izan ziren. 

Lleidaren aurka Manex Ansorregi jokalari azkoitiarrak lortu zuen balorazio onena. Hamahiru puntu saskiratuta, hogei puntuko balorazioa erdietsi zuen hark. Dena den, taldeko saskiratzaile onenak Nathan Hoover eta Ibon Guridi azpeitiarra izan ziren. Datorren astean ere ostiralean jokatuko du Juaristi ISBk. San Sebastian egunean Movistar Estudiantes taldea izango du arerio, Madrilen.

Emakumeen porrota Valentzian

Domusa Teknik ISBk, bestalde, gaur arratsaldean jokatu du LF Challenge Ligako partida Valentzian. Joseba Lizarraldek zuzentzen duen taldeak 61 eta 55 galdu du Picken Claret taldearen aurka. Sara Iparragirre eta Emilia Ferreira nabarmendu dira ISBn, biek ala biek hamahiru puntuko balorazioa erdietsi baitute. Datorren larunbatean (17:00), Club Joventut Badalona taldearekin neurtuko dituzte indarrak Azkoitiko Elkargunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide