Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerario izendatu dute Iñaki Agirregomoskorta

Andoni Elduaien 2023ko urt. 14a, 13:36

Horrela jaio zen ETB eta horrela jaio zen bere Dokumentazio-Zentroa sarrera ikasgaia aurkeztu du Agirregomoskortak Intsausti jauregian. Leturia pandero-jotzaileak, berriz, hainbat kopla kantatu ditu panderoak lagunduta.

Gaur, larunbata, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (EAE) Iñaki Agirregomoskortari Adiskide Numerario izendapena eman dio, Intsausti jauregian. 12:00etan hasi da ekitaldia han, eta lagun ugari elkartu da bilbotarraren sarrera ikasgaia bertatik bertara entzutera. Agirregomoskortak Horrela jaio zen ETB eta horrela jaio zen bere Dokumentazio-Zentroa sarrera ikasgaia aurkeztu du jauregian, eta ETBren sorreraz nahiz hark urte luzez kudeatu zuen dokumentazio zentroaz hitz egin du.

Deustuko Unibertsitatean Geografia eta Historia Zientzietan lizentziatua da Agirregomoskorta, eta Euskal Herriko Historiako irakaslea izan zen Donostiako campusean; EHUko Zuzenbidearen Historiako irakasle lanetan ere aritu zen. Artxibo ikasketak egin zituen, baita Bibliotekonomiakoak ere. ETB 1983an abian jarri eta zenbait hilabetetara, ETBko Dokumentazio eta Artxiboko buruzagi hautatu zuten deialdi publikoan; sei urtez jardun zuen lan horretan bilbotarrak. Hainbat hilabetetan sektore pribatuan jarduera komertzialak egin ondoren, 1993an ETBko Dokumentazio eta Artxibo buru izatera itzuli zen. 1998an, bestalde, sortu berria zen Euskaltel enpresako Kontu Handien Kudeatzaile kargua bete zuen, harik eta 2014. urtean aurre-erretiroa hartu zuen arte.

Luis Elizegi presidentearen hitzekin hasi da ekitaldia. Hitzartzetik hitzartzera, Xabier Berasaluze Leturia pandero-jotzaileak hainbat kopla eskaini ditu. Hain zuzen, Bernando Atxagaren, Joxean Ormazabalen eta Xabier Amurizaren hainbat abestu ditu Leturiak. Juan Bautista Mendizabal Adiskide Numerarioak, berriz, harrera hitzak egin dizkio bilbotarrari. Diploma jaso eta elkartearen domina lepoan zintzilikatu ondoren, jauregian bildu diren guztiek Agur jaunak abestu dute zutik jarrita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide