Apirilaren 28ko asteburuan egingo dute Holz Und Blech musika jaialdia

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 13a, 15:00
Iazko Holz Und Blech jaialdiko une bat. (Anartz Izagirre)

Zazpigarren aldiz egingo dute Zuhaitz Urain Zizu zenaren omenez antolatu ohi duten musika elektronikoaren jaialdia. Lehenengoz, hiru eguneko egitaraua prestatu dute; apirilaren 28an, 29an eta 30ean izango dira ekintzak.

Urtero egin ohi dute Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdia Azkoitian. Zuhaitz Urain Zizu zenaren omenez antolatu ohi dute jaialdia haren gertukoek, eta aurten zazpigarren aldiz egingo dute. Antolatzaileek dagoneko jakinarazi dute zein egunetan egingo duten festa: hain zuzen ere, apirilaren 28an, 29an eta 30ean egingo dituzte ekintzak. Aurten, beraz, inoiz baino indartsuago dator jaialdia: lehen edizioetan egun batez antolatu zituzten ekintzak, eta iaz, lehen aldiz, bi egunetara luzatu zuten egitaraua. Aurtengoan, hiru egunez egingo dituzte ekintzak, ostiraletik igandera.

Antolatzaileek oraindik ez dituzte jakinarazi egitarauaren inguruko xehetasunak. Haiek adierazi dutenez, "laster" hasiko dira horren gaineko informazioa zabaltzen.

Hemen ikus daiteke iazko Holz Und Blech jaialdiko argazki bilduma.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide