Herriko ondare historikoaren zati bat birtualki bisitatu daiteke 'Ignaziotar Lurraldea 360º' webgunean

Andoni Elduaien 2023ko urt. 13a, 10:12
Azkoitiko herriaren aireko irudia. ('ignaziotarlurraldea360' proiektua)

Azkoitiko ondare historikoa sarearen bitartez ezagutzeko aukera eskaintzen du Iraurgi Berritzenek eta Aldundiak garatutako proiektuak. Hain zuzen, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokia, Balda dorretxea edota Etxe Beltz eraikina ikus daitezke 360 graduko errotazioa duen webgunean. Proiektua Fitur nazioarteko turismo azokan aurkeztuko dute.

Urola Turismoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomiaren Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamenduak iaz Iraurgi Berritzen garapen agentziarekin elkarlanean garatu zuten Ignaziotar Lurraldea 360º proiektuak eman du lehen emaitza. Hain zuzen, dagoeneko birtualki ikus daiteke sarean Azkoitiko ondare historikoaren zati bat. Proiektuaren barruan Azkoitiko, Loiolako eta Azpeitiko zenbait interesgune digitalizatu dituzte, aireko nahiz lurreko irudiekin.

Azkoitiko herriari dagokion atalean, Andre Mariaren Jasokundeko parrokia, Balda dorretxea edota Etxe Beltz eraikina ikus daitezke. Digitalizazioa 360 graduko errotazioa duen erresoluzio altuko argazkigintzan oinarrituta egin dute. Argazkiez gain kontakizun edo narratiba multimediak ere txertatu dituzte webgunean, eta hala, erabiltzaileak eskura izango ditu gune horien deskribapenak ere.

Proiektua Loiolako Inazioren konbertsioaren 500. urteurreneko ospakizunen baitan garatu dute, eta helburua da San Inazioren figurari lotutako ondare esanguratsuena digitalizatzea eta turistikoki balioa ematea. Digitalizazioak, besteak beste, Loiolako santutegia, Zumarragako Antiguako baseliza eta Arantzazuko santutegia birtualki bisitatzeko aukera eskaintzen du.

Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko Udaleko Turismo eta Ondare zinegotziak "aktiboki" parte hartu du proiektuan, eta hark adierazi duenez "gero eta interesgune gehiago" daude digitalizatuta, eta hori "giltzarrietako bat da zabalkunderako nahiz promozio turistikorako". Era berean, zinegotziak azaldu du teknologiaren aurrerapenak "aukera berriak" eskaintzen dituela eta hori "baliatu" egin behar dela. Datorren astean hasiko da Fitur nazioarteko turismo azoka, eta han aurkeztuko dute emaitza. "Proiektuari zabalkundea eman nahi izan diogu, udalaren webgunean sarbidea txertatuta, promoziorako aparteko tresna baita", azaldu du Mendizabalek.

Ignaziotar Lurraldea 360º proiektuaz gain, Azkoitiko Udalak duela hilabete batzuk ahalbidetu zuen San Martingo Ondaregunea birtualki bisitatzeko aukera. Bisita birtuala egiteko aski da erakundearen webgunean sartzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide