Agifes elkarteak Iñigo Antsorregik gidatzen duen 'Korapiloak' podcasta saritu du

Andoni Elduaien 2023ko urt. 13a, 08:48
Iñigo Antsorregi, 'Korapiloak' podcastaren gidaria. (Andoni Elduaien)

Agifes Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak azkoitiarrak zuzentzen duen Korapiloak podcasta saritu du. Saioan, besteak beste, antsietateaz, suizidioaz, depresioaz, heriotzaz eta doluaz hitz egin ohi du Antsorregik buruko osasun arazoak bizi dituzten gonbidatuekin.

Iñigo Antsorregi azkoitiarrak EITBn gidatzen duen Korapiloak podcasta saritu du Agifes elkarteak. Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak zazpigarren aldiz banatu ditu Kazetaritza eta Buru Osasuna sariak, eta azkoitiarraren saioak irratien kategorian jaso du elkartearen aipamena. "Buruko osasun arazoak herritarrengana hurbiltzen laguntzen du saioak. Izan ere, aurkezleak berak eta elkarrizketatuek lehen pertsonan bizi dituzte buru osasuneko arazoak", nabarmendu du Agifes elkarteak azkoitiarraren podcasta saritzerako orduan.

ETB1eko Biba Zuek! saioan izan ohi duen tartetik osagarri gisa sortu zuen azkoitiarrak Korapiloak podcasta. Astero gonbidatu bat elkarrizketatzen du Antsorregik, eta oro har, buru osasunarekin lotutako gaiez aritu ohi dira aurkezlea eta gonbidatua. Besteak beste, antsietatea, suizidioa, depresioa, heriotza eta dolua izaten dituzte hizketagai. Dena den, Korapiloak podcastak aldarte onetik eta umoretik heltzen die gai horiei, eta gonbidatuei korapiloak askatzen laguntzen die azkoitiarrak. Antsorregik orain arte elkarrizketatu dituen lagunen artean dauden, besteak beste, Garbiñe Larrea, Xabin Fernandez, Mikel Idoate, Miren Larrion eta Manex Beristain.

Gainera, azkoitiarrak badaki buruko osasunari eman behar zaion garrantzia zenbaterainokoa den. Hain justu, duela hilabete gutxi kaleratu zuen hark izan zuen depresio aldiaren kontakizuna biltzen duen Nire minaren etxea liburua. Bizipen horiek eman zioten eskarmentuak lagundu dio depresioari, suizidioari eta antsietateari aurre egiteko bideak urratzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide