Guardiako farmazien egutegia etxez etxe banatuko du Azkoitiko Udalak

Ane Olaizola 2023ko urt. 12a, 10:39

2023ko guardiako farmazien egutegiaren eskuorria aste honetan banatuko du udalak, hango informazioa, "erabilgarria" delakoan, herritar guztiek eskura izan dezaten.

Hasi berri den urteko guardiako farmazien egutegia etxez etxe banatuko du Azkoitiko Udalak aste honetan, herritarrek informazio hori eskuragarri izan dezaten. Gizarte Zerbitzuen ekimenez, hirugarren urtez banatuko dute guardiako farmazien eskuorria: "Normalean, adinekoak izaten dira farmaziara gehien joaten direnak, eta guztiak ez dira teknologia berrien
erabiltzaileak. Gaur egun, dena bilatzen dugu Interneten, baina kontuan izan behar dugu mundu guztiak ez duela sarerako sarbiderik hainbat arrazoirengatik. Horregatik, informazioa erabilgarria delakoan, pertsona guztiengana iristeko modua egin nahi dugu", esan du Janire Igoa Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Azkoitiko farmazien guardia-ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera, 13:00etik 16:30era, eta igandeetan eta jaiegunetan, 11:00etatik 13:00etara.

Igoa, guardiako farmazien egutegiaren eskuorriarekin. (Azkoitiko Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide