Energia trantsizioaren atzean zer dagoen aztertu du herritarren aurrean Alvaro Camposek

Andoni Elduaien 2023ko urt. 12a, 12:06
Elkarguneko Herriko Plaza aretoa bete egin zen Camposen hitzaldia entzuteko. (Andoni Elduaien)

Elkarguneko Herriko Plaza aretoan eskaini zuen hitzaldia EHUko ikertzaile-irakasleak eta Ingeniaritza Termikoan doktoreak. Aretoa goraino bete zen atzo, eta askok zutik edo lurrean eserita jarraitu behar izan zuten Camposen hitzaldia. Zentral eolikoen aurka dauden hainbat eragilek antolatutako 101 Arrazoi egitasmoaren lehen saioa izan zen atzokoa.

Atzo, asteazkena, abiatu zuten zentral eolikoen aurka dauden hainbat eragilek antolatutako 101 Arrazoi egitasmoa. Alvaro Campos EHUko ikertzaile-irakasleak eta Ingeniaritza Termikoan doktoreak eskaini zuen Análisis crítica de la transición energética hitzaldia Azkoitiko Elkargunean. Jendetza bildu zen Herriko Plaza aretoan; izan ere, 100 lagun ingururentzako eserlekuak jarri zituzten antolatzaileek, baina gehiago izan ziren hitzaldia bertatik bertara jarraitzera joan zirenak. Jarlekurik gabe gelditu ziren batzuk zutik entzun zituzten Camposen hitzak, eta besteek, lurrean eserita.

Oletan ere Ez! taldeko Igor Agirregomezkortak hartu zuen hitza hasteko, eta hark egin zuen Camposen aurkezpena. Aditua Azkoitira ekarri izanaren zergatia azaldu zuen taldekideak: "Aditu batzuk badaude inguruan, baina ohartu gara horien guztien artean Alvaro Camposek analisi kritikoa egiteko nahikoa baliabide dituela". Hitzaldia herritarrek "zentral eolikoen inguruan gogoeta egiteko" antolatu zutela esan zuen Agirregomezkortak.

Hain justu, Azkoitian Buruzai eolikoen proiektua mahai gainean dagoela jakin eta berehala hasi zuen bidea Oletan ere Ez! taldeak. Ekainetik ari dira dozenaka lagun talde horren bueltan elkartzen. Agirregomezkortak adierazi zuen herrirako proiektu bat dagoela, baina ez dutela "informaziorik jaso" horren inguruan. "Informazioa eskatu badugu ere, udalak ez digu erantzunik eman. Eman diguten erantzuna, testualki, honako hau izan da: 'Zuek gu baino informazio gehiago duzue'. Horregatik, pentsatu dugu mundu honetan murgilduta dagoen aditu bat Azkoitira ekartzea". Hain zuzen, taldekideak esan zuen "proiektuaren aurka egiteko" sortu zutela Oletan ere Ez! taldea. "Ez gaude eolikoen aurka; egiteko modu honen aurka gaude. Gure asmoa da herritik sortutako proiektu bat proposatzea, eta ez kanpotik etorritako enpresen menpe jartzea".

Campos hizlaria atzoko hitzaldian zehar.

Energia trantsizioaren atzean zer dagoen esanez hartu zuen segidan hitza Camposek. Hark analisi kritikoa egin zuen, eta, besteak beste, gizarteak energiarekiko dituen gabezia nagusienak azaldu zituen luze-zabal. Egungo energia trantsizioa nola gauzatzen ari den ere azaldu zuen. "Azkoitiko bizilagunak ikusten ari dira energia trantsizioa zer planteamendurekin datorren herrira eta hori garden edo gardentasunik gabe iritsi den". Era berean, hizlariak nabarmendu zuen "funtsezkoa" dela "azpiegiturak nola planifikatu" behar diren pentsatzea. "Eolikoen edo eguzki plaken garapenak sistema elektrikoaren sarearen arabera oinarritzen dira. Plan bat badago, ez dakit istripuz egina edo ez, baina plan hori plangintza faltan oinarritutakoa da".

Halaber, adituak esan zuen gizarteak etorkizunean erabili ahal izango duen energia kopurua "askoz ere txikiagoa" izango dela, eta horretarako, "energiaren kontsumoa jaitsi" behar dela. "Munduko biztanleriaren %1 energia emisioen %50 kontsumitzen ari da. Gutxiago kontsumitu behar dela diogu, baina nola, nork eta noiz? Eredu energetiko berri bat behar da, sistema energetikoek hastapenetan zuten helburuetara itzuliko den eredua. Hain zuzen, behar edo eskaera bat asetzea izan beharko luke helburuak". Esana lotzeko, hizlariak zentral hidraulikoen adibidea eman zuen. "Jon den mendearen hasieran sortu ziren zentral hidraulikoak premia bat zegoelako sortu ziren; beharra baldin bazegoen, zentrala eramaten zen gunera. Gaur egun, ez dago inolako plangintzarik eraikitzen ari garen energia iturrien eskari motaren inguruan. Guztiok dakigu nola ari diren heltzen proiektuak gure herrietara". Hain justu, "logikazko ariketa" baten beharra dagoela esan zuen Camposek. "Energia ezin dugu soilik merkantzia klabeetan pentsatu, horrela pentsatzen badugu helburu bakarra irabazi ekonomikoa izango baita. Eskariak eta gaitasunak zenbatu behar dira hasteko. Lurraldeek jakin behar dute energia nahi badute, inpaktuak jasan beharko dituela, baina lotura egon behar da inpaktu horren, jabetzaren eta onuren artean".

Eolikoen inguruan ere aritu zen gonbidatua, eta hark azaldu zuen haize-errotak jarri edo ez planteatzea "oso erraza" dela Burgos (Espainia) iparraldean jartzera doazenean, baina ez dela "horren ederra" etxetik gertu jartzen denean. Dena den, hizlariak adierazi zuen eztabaida hori "oso garrantzitsua" dela, herritarra jabetzen delako "energia kontsumitzeak ingurugiroan inpaktu bat" duela. Halere, azaldu zuen interesa dagoela herritarrak jabetze horrekin ez konektatzeko. "Interesa dago pertsonok aurrezteko neurririk har ez dezagun. Aurrezteko neurriak hartzen baditugu eta bihartik aurrera erdia kontsumituko bagenu, energia sustatzaileen eta funtsen negozioak erori egingo lirateke. Horregatik, plangintza ezin da eskaintzatik egin, eskaritik baizik".

Amaitzeko, galderak elkartrukatu zituzten hizlariak eta hitzaldia jarraitzera joan ziren herritarrek. "Noraino eragin dezakegu energia eskariaren kurban? Gutxiago kontsumitzeko prest al gaude? Beharbada, gehiago kontsumitu behar dugu egunaren erdiko orduetan?", galdetu zuen adituak. Camposen arabera, lurraldeek berriztagarrietarako duten ahala "herritarren parte hartzearekin" garatu behar da, bestela "inposizio hutsa" izango da eta. "Energia kontsumo gehien dagoen lekuetara eramanez hasi beharko genuke".

Elkargunean bildutako herritarrak hitzaldia jarraitzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide