Hitz bitan

Juli Arregi: "Hasi orduko dakit nolako irrintzia egingo dudan"

Nerea Uranga 2023ko urt. 19a, 11:03
Juli Arregi, Ibaiondo kalean. (Nerea Uranga)

Olaso auzoko Susula baserrikoa da izatez Juli Arregi (Azkoitia, 1942), Kanunekoa. 13 urterekin joan zen etxetik Eibarrera, "neskame, umeak zaintzera". Gero, Azkoitiko Goiko tabernan egin zuen lan, eta ezkondu zenetik, Floreaga auzoan bizi da. Kirolzalea da, futbola eta pilota ditu gustuko, eta doan lekura doala, irrintzirik bota gabe ez da gelditzen.

Irrintzilaria zara.

Gustatu egiten zait irrintzia botatzea, baina irrintzilaria ez naiz. Noski, joaten naizen tokira joan, ez dut irteten irrintzirik egin gabe. Pasira egitasmoan ere ibiltzen naiz, eta irrintziarekin hasten eta bukatzen dugu ibilbidea; tar tean ere, hiruzpalau irrintzi egiten ditut.

Nolatan hasi zinen irrintziak egiten, bateren batek erakutsita edo?

Ez si eta ez no hasi nintzen, eta segi eta segi egin dut; batzuetan irrintzi oso ederrak ir teten zaizkit, eta beste batzuetan, zatarrak. Aur ten ere izan naiz Arantzazun, eta hango taberna batetik irten eta irrintzia egin nuen. Gizon bat begira gelditu zitzaidan; beste bat botatzeko eskatu eta Markina-Xemeinen [Bizkaia] urtero irrintzi txapelketa egiten dela eta hara joan beharko nukeela esan zidan. Bestalde, badakit honezkero jende batek esango duela "Jesus! Hori hor zebilek beti bere irrintzi horrekin". Baina irrintzia geurea, euskaldunena, dela esaten dute, eta nik inor ez dut iraintzen irrintzia eginda. Hala pentsatzen dut: "Entzun nahi ez duenak belarriak estal ditzala".

Batzuetan ederrak eta beste batzuetan zatarrak ateratzen zaizkizu orduan.

Bai, hasi orduko antzematen diot nolakoa irtengo duen, ederra ala zatarra. Beti ezin da ondo egin... Espainiak ere hortxe galdu du Munduko Futbol Txapelketan.

Akordatzen al zara aurrenekoz noiz egin zenuen irrintzia?

Ezta arrastorik ere.

Gaztetan ere botatzen al zenituen?

Ez dakit gaztetan botatzen al nituen; gero hasiko nintzen seguruenez. Aurreko igande batean ere bota nituen ederrak!

Non?

Jubilatuen ikasturte bukaerako bazkarian, Joseba jatetxean. Han bazkaltzen zegoen ume bat ikusi nuen kandelarekin mahai batera joaten; 6 urte betetzen zituen eta hari egin nion irrintzia. Gero, beste andre batek 89 urte betetzen zituela, eta hari ere bai, baita beste mahai batekoei ere...

Herrian beste irrintzilaririk ezagutzen al duzu?

Andremarietan, Kuadrilla egunean, jubilatuen tabernan bazkaltzen genuen, eta han leihora irten eta plazan bilduta zeudenei irrintzia botatzen nien. Gero, beste bi lagun igotzen ziren jubilatuetara, eta haiek ere irrintzia botatzen zuten; batek ederki egiten du gainera, fin-fina eta luzea botatzen du, eta bat-bateko bukaera ematen dio. Nik, berriz, bukaera luzatu eta borobildu egiten dut. Aurten, berriz, bost pertsonak jardun dugu irrintziak egiten Kuadrilla egunean.

Futbolzalea ere bazara, Anaitasunaren jarraitzailea, gainera.

Bai, bai. Senarrak eta biok elkarrekin 50 urte egin genituenean, kamiseta bana, zapia eta txapela oparitu zizkiguten Anaitasunakoek. Behin baino gehiagotan joaten naiz kamiseta harekin Txerloira. Aurten ere, orain arteko ia partida denetara joan naiz, eta Anaitasunakoek gola sartzen dutenean harmailetara begiratzen dute; nik irrintzia botatzeko zain-zain egoten dira.

Pilota ere gustuko duzu, ezta hala?

Bai, gainera, garai batean Azkoitiko hainbat emakume palaz jokatzen ibili ginen; tartean, anduezatarrak. Hala ere, niri benetan gustatzen zaidana esku pilota da. Askotan, Kontzejupean umeak pilotan dabiltzala ikusi eta haiekin hiruzpalau pilotakada ematen ditut, haiek pilota biguna erabiltzen dute eta. Orain, ordea, pilotakadak emateari lagata nago ja; izan ere, etxean errieta egiten didate, eta ez naiz atrebitzen, trabatu eta eroriko naizen beldurrez. Dena den, gustura ikusten ditut esku pilotako partidak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide