"Ahal dudan bitartean, xakean jokatzen segitzeko asmoa dut"

Ane Olaizola 2023ko urt. 11a, 10:16

Juan Carlos Valorrek (Azkoitia, 1975) ia bizitza osoa darama xakean, eta bizitzarekin berarekin alderatu du kirol hori. Azkoitiarrak Kattu Xake Memoriala irabazi berri du. 

Azkoitiko Kattu Xake Memoriala irabazi zenuen abenduaren amaieran. Nolako saioa egin zenuen?
Oso ongi atera zitzaidan txapelketa. Gainera, ez nuen espero irabazi nuen moduan irabaztea. Izan ere, xake jokalariak kanpotik ere etorri ziren jokatzera, eta halakoetan, zailagoa izaten da irabaztea. Azkoitiko klubeko xakelariok ezagutzen dugu elkar, baina kanpokoekin kontua aldatu egiten da. 

Txapelketan, sistema suitzarra erabili genuen. Guztira, zazpi txanda jokatu genituen, eta irabazten hasi nintzen. Aurreneko sei txandak irabazi nituen, eta txanda baten faltan, txapelketaren garaile nintzen. Partida batzuk errazagoak izan ziren besteak baino, baina guztiak ere estuak, entretenigarriak. Zentzu horretan, gustura nago egindako jokoarekin zein lortutako emaitzarekin. 

Espero al zenuen txapelketa irabaztea?

Inondik inora ere ez. Hogei bat jokalarik parte hartu genuen, eta ni zortzigarrena nintzen; beraz, ni baino puntu gehiago zituzten zazpi lagun nituen aurretik. Baina, azkenean, ondo atera zitzaidan.

Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake elkarteko kidea zara. Osasuntsu al dago kluba?

Bai. Hogei bat jokalari gaude taldean, baina bazkideak gehiago gara. Gainera, urte osoa igarotzen dugu ekintzak eginez. Orain, Gipuzkoako Ligarekin hasiko gara, eta hura amaitzean txapelketa azkarrei ekiten diegu. Horrez gain, Azkoitia Hiria Txapelketa, San Andres Xake Txapelketa, Kattu Memoriala... antolatzen ditugu; beti gabiltza zerbaitekin. Era berean, umeei eta gaztetxoei ikastaroak eskaintzen dizkiegu, astearteetan eta ostegunetan. Oro har, Azkoitian xakearekiko zaletasun handia dagoela esango nuke. 

Harrobirik ba al dago?

9-10 urte dituzten gaztetxoen talde bat dago klubean, eta irakatsitako guztia ondo ikasten dute. Azaltzen diezu jokoa, eta gero, praktikan, esandako dena zuzen egiten dute. Haiek gustura etortzen dira eskoletara. 

Asteburuan, berriz, Gipuzkoako Liga hasiko duzue. Zer aurreikuspen duzu?

Klubari ahalik eta gehien lagundu nahi diot. Saiatuko naiz ahalik eta partida gehien jokatzen eta emaitza onenak lortzen. Konplikatua izango da, baina saiatuko naiz.

Zeintzuk dira klubak ligari dagokionez dituen helburuak?

Mailari eustea da gure helburu nagusia. Mailaz igotzea oso zaila da, baina ahal duguna egiten ahaleginduko gara. 

Nondik datorkizu xakearekiko zaletasuna?

Umea nintzela ikasi nuen xakean, 7 bat urterekin edo. Baina egia esan, ez dakit nondik datorkidan zaletasuna. Pentsatzen dut norbait ikusiko nuela xakean, probatu egin nuela eta gustatu egin zitzaidala. Ordutik, ia etengabe jokatu izan dut. Egon da boladaren bat utzita izan dudana, baina gero berriz hartu dut xake taula, gogo gehiagorekin, gainera. 

Zer da zuretzat xakea?

Xakea bizitza bezalakoa da. Partida bat hasten duzunean, jaio egiten zara, eta bizitzan moduan, erabakiak hartzen joaten zara. Alde batera jotzen duzu, edo bestera. Eta hartutako erabaki batzuk ondo aterako zaizkizu, baina beste batzuk, ez. 

Egunero jokatzen al duzu?

Bai, fisikoki norbaitekin ez bada, ordenagailuarekin edo mugikorrarekin jokatzen dut. Gaur egun, gauzak asko aldatu dira. Lehen, xakeaz zerbait ikasi nahi bazenuen, liburuetara jo behar zenuen. Egun, aplikazioak-eta daude horretarako, eta Internet bidez joka dezakezu. 

Horrek aldatu egin al du jokatzeko modua?

Norbaitekin aurrez aurre jokatzen ari zarenean, aurkariak huts egin dezake, baita zuk ere. Interneteko programek, ordea, ez dute hutsik egiten. Zentzu horretan, nahiago dut fisikoki norbaiten aurka aritzea, batak ala besteak egin baitezake akatsa. 

Zure seme-alabak ere aritzen dira xakean. Zuk irakatsi al diezu?

Hasieran, nik irakatsi nien. Gogoratzen naiz 6 bat urte zituztenean xake taula jarri, eta pieza bakoitza zer eta zertarako den azaldu niela. Egun, klubeko ikastaroetan dabiltza biak ala biak. Semeak [Denis Valor] ez du alabak bezainbeste jokatzen, baina, esaterako, Gabonetako Jaialdia irabazi berri du. Alaba [Lucia Valor] ere emaitza onak lortzen ari da. Hain zuzen, klubeko bazkideek Lucia hautatu zuten 2022ko kirolari onenaren sariketarako, emaitza oso ona lortu zuelako Iruñeko nazioarteko txapelketan. 

Zer etorkizun ikusten diezu?

Jarraitzen badute, ez diet etorkizun txarra ikusten. Alabari etorkizun hobea ikusten diot, gehiago jokatzen duelako eta hura gehiago motibatzen duelako xakeak. 

Zuk zeuk, zer asmo duzu etorkizunera begira?

Ahal dudan bitartean, xakean jokatzen jarraitzeko asmoa dut. Gustatu egiten zait eta entretenigarria da; beraz, horretan jarraituko dut. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide