GKSk urtarrilaren 28ko manifestazioak aurkeztuko ditu larunbatean, Elkargunean

Andoni Elduaien 2023ko urt. 11a, 15:09
GKSk Elkargunean egindako mintegi bateko irudia. (Azkoitiko GKS)

Urtarrilaren 28an manifestazioa egingo du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) gazteen arteko "antolakuntza eta borrokarako grina" hedatzeko. Egun horren aurkezpena egingo dute Azkoitiko GKSko ordezkariek Elkargunean, 11:00etan. Aurkezpenaren ondoren, Noraren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da aretoan.

Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) enpresari handien eta agintarien erasoaldiaren aurka mobilizatuko da urtarrilaren 28an. Egun horretan manifestazioak egingo dituzte Bilbon eta Iruñean, Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean. Bilboko protesta 18:00etan abiatuko da Jesusen Bihotza plazatik, eta Iruñekoa, Sarasate pasealekutik.

Azkoitiko GKSko ordezkariek manifestazio horien inguruko informazioa emango dute larunbatean, urtarrilak 14, Elkargunean egingo duten aurkezpenean. 11:00etan hasiko da Elkarguneko saioa, eta manifestazioa deitzeko arrazoiak eta informazio orokorra emango dute han. Ondoren, Nora musikariak kontzertua eskainiko du. Era berean, jakinarazi dute informazio gunea jarriko dutela aretoan; gaztaren sariketa ere egingo dute egunean zehar.

GKSko kideek gaur egungo egoera politiko eta ekonomikoaren testuinguruan kokatu dituzte protestak. Salatu dutenez, herritar guztiek ez dituzte modu berean nozitzen "kapitalismoaren krisi sakonaren" ondorioak. Gainera, ohartarazi dute bankari eta enpresari handiak "negozioa" egiten ari direla langileen kontura. Haien ustez, "enpresari handien eta agintarien erasoaldia" da egungoa, eta egoera ez da egun batetik bestera aldatuko. "Kapitalismoaren ziklo ekonomiko berri batean sartu gara, paradigma kapitalista berri batean, eta paradigma berri horretan langileon pobrezia eta eskubideen ezabaketa ez dira salbuespenak, normaltasun berria baizik".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide