'Din don' eta 'Lau teilatu' abestiak joko ditu aurrerantzean plazako karilloi erlojuak

Andoni Elduaien 2023ko urt. 10a, 11:35
Herriko plazan dagoen karilloi erlojua. (Andoni Elduaien)

12:00etan, Exkerra Anaiak taldeak Azkoitiko erlojuari eskainitako Din don abestiaren doinuak entzun ahal izango dira karilloian. 20:00etan, berriz, Itoiz taldearen Lau teilatu abestia. "Herriko ukitu nabarmena" dutelako hautatu ditu udalak bi abestiak.

Azkoitiko Udalak abenduan berreskuratu zuen plazako karilloi erlojua, eta harrezkero, Hator hator eta Gaueko Izar abestien doinuak eskaini ditu gailuak. Udalak azaldu du karilloia martxan jarri izanaren ideiak "arrakasta" izan duela herritarren artean, eta hori dela eta, "karilloia ez isilaraztea" erabaki dute.

Gabon jaiak amaitu dira, ordea, eta udalak karilloiaren abestiak aldatzea erabaki du orain. Aurrerantzean, Din don eta Lau teilatu abestien melodiak joko ditu karilloiak. Hain zuzen, 12:00etan entzun ahal izango dira Din don abestiaren doinuak, eta 20:00etan, Lau teilatu abestiarenak.

Kruz Mari Alberdi Poxpi zenak sortu zuen Din don abestia. Musikari azkoitiarrak eta bere anai-arrebek Exkerra Anaiak izenpean sortu zuten Azkoitiko erlojuari idatzitako abestia. Lau teilatu abestia, berriz, Juan Carlos Perez Azkoitiko bizilagunak konposatu zuen 1978an, Itoiz taldeko abeslaria eta gitarrista zen garaian. Udalak azaldu du kantu biek "herriko ukitu nabarmena" dutela, eta horregatik aukeratu dituztela karilloi erlojuarentzat.

Karilloia Azkoitiko plazako erlojuan zegoen jarrita 2005an berreskuratu zutenez geroztik, baina azken urteetan puntuetako orduak soilik jo ditu hark. Duela urte batzuk, Angelusa errezatzeko kanpaiak jo ohi zituen eguerdian karilloiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide