Ados Pilotaren binakako txapelketako partidak jokatuko dituzte larunbatean Gurea pilotalekuan

Andoni Elduaien 2023ko urt. 12a, 08:48
Eneritz Arrieta, gorriz, lurretik pilota jasotzen. (Ados Pilota)

Larunbatean, emakume pilotariek sortutako Ados Pilota klubaren binakako txapelketako partidak jokatuko dituzte Azkoitian. Promozio mailako eta lehen mailako partidak ikusi ahal izango dira 18:00etatik aurrera Gurea pilotalekuan, tartean Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarrarena.

Etzi, larunbata, emakume pilotariek sortutako Ados Pilota klubaren eskuz binakako txapelketako bi partida jokatuko dituzte Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 18:00etan hasita, promozio mailako eta lehen mailako eskuz binakako pilota partida bana jokatuko dute han. Eguneko protagonisten artean izango da Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarra.

Abenduaren erdialdean ekin zioten txapelketari. Aurten, ordea, iaz izan ez zituzten zailtasunekin egin dute topo bidean; izan ere, ETBk emakumeen pilota klubari adierazi zion aurten ez dutela telebistaz partidarik eskainiko. Telebistaren ezezkoaren ondorioz, klubak Eusko Labelekin hitzartuta zuen babesletza ere bertan behera gelditu zitzaien.

Dena den, pilota txapelketa martxan da, eta etzi iritsiko da Azkoitira. Promozio mailako partidan, Galeano eta Arrastia arituko dira gorriz, eta Aranburu eta Perez, urdinez. Lehen mailako partidan, berriz, herriko pilotari bat arituko da: Eneritz Arrieta. Zabalarekin arituko da larunbatean azkoitiarra, eta Zabaleta eta Agirre izango dituzte aurkari.

Pilota partidak ikusteko sarrerak 5 euroan eskuratu ahalko dira Gurea pilotalekuko leihatilan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide