Maxixatzen euskara elkarteak ez du aurtengo egutegirik kaleratu, haren egoera ekonomikoa dela eta

Ane Olaizola 2023ko urt. 10a, 08:45
Maxixatzenen iazko egutegia.

Elkarteak adierazi duenez, "espero" zituzten diru sarrera batzuk ez ditu lortu Maxixatzenek, eta hainbat gastu murriztu izan behar dituzte; tartean, 2023ko egutegiarena.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak ez du 2023ko egutegirik kaleratu. "Zorioneko urtea" izan da elkartearentzat igaro berri dena, mende laurdeneko ibilbidea ospatu baitute kideek, eta horren barruan, hainbat bazkideren argazkiz osatutako egutegia kaleratzeko aukera izan zuen taldeak 2022arekin batera. Ordea, amaitu berri den urteak "horren pozgarria ez den ifrentzua" ere laga diela adierazi du elkarteak, hango kideek "espero" zituzten diru sarrera batzuk ez dituelako lortu. "Bereziki mingarria egin zaigu Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat ez jasotzea, beharrezkoa zen puntuazioa lortu arren, beste baldintza bat ez dugulako bete".

Ondorioz, aurten egutegirik ez duela kaleratuko jakinarazi du Maxixatzenek: "Diru galerak izan ditugu, eta gastu batzuk murrizteari ekin behar izan diogu, tartean 2023ko egutegiarena", azaldu du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide