Buru eritasunak

Biluztu gaitezen kanpotik, baita barrutik ere

Mireia Galarza Bastida kazetariak eta GUKA gehigarriko buru eritasunei buruzko erreportajearen egileak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

 

Nork ez du inoiz arazorik izan? Nork ez du inoiz sentitu tunelaren amaieran ez dagoela argirik? Bakarrik ari dela sokatiran? Ez duela inguruak ulertzen? Eta nork egiten du lasai negar jendaurrean gogoa duenean? Nork ematen dio lankideari besarkada bat gaizki ikusten badu?

Gosaltzerakoan, baina, batek baino gehiagok edukiko du bere tazan egun hori ere perfektua izango dela dioen mezua. Ezin duenean, benetan ezin duelako, alboan dagoenak esango dio dena lor dezakeela, ametsak betetzeko daudela eta lasai egoteko, garai hobeak iritsiko direla.

Zer gertatzen da, ordea, ortzimugan kokatuta dauden garai perfektu horiek ez badira iristen? Ez behintzat laguntzarik gabe. Baina laguntza jasotzea ematea bezain zaila suertatzen da askotan, ez dugulako onartu nahi garezur azpiko ganbara ezin dugula bakarrik atondu askotan.

"Psikologoa, zertarako? Ni ez nago zoratuta!", entzuna dut askotan inguruan, eta pentsatzen dut: "Zorionekoa zu". Izan ere, nik ere ez dut nire burua zorotzat jotzen, eta badakit ni baino arazo larriagoak dituztenak badaudela, baina baditut segurtasun falta itzelak, nik egiten dut garrasi egin behar ez dudanean eta egin behar ez dudanarekin, eta isiltzen naiz beldurrez bi gauza gustura esango nituzkeenean. Eta aldi berean, gutxietsi ditut nire beldurrak, kezkak eta gogoak, eta justifikatu nire hitz txarrak, keinu zatarrak eta akzio desatseginak. Ez baitago zoratuta egon beharrik laguntza eskatzeko.

Denok daukagu hobetzeko, baina lehen pausoa onartzea da. Onartu eta erakutsi denok izan gaitezkeela zaurgarri. Gazte zein heldu. Gizon zein emakume. Ondo dago gorputzeko giharrak tonifikatzea, kirola ere osasuna dela sinesten baitut. Hala ere, datuek garbi diote, gizartearen osasun mentala okerrera doa, eta nire iritziz, iritsi da garaia gai hori den-denok serio hartzeko, baita eskatzen dituen baliabideak jartzeko ere.

Aldamenekoaren etxean horrelako arazoak gertatzen ez direla pentsa dezakegu, itxurakeria perfektu horren atzean ez dagoela pitzadurarik, baina esaera zahar batek dioen bezala, distira guztiak ez dira urre. Etxepe berean egon daitezke mila arazo, guztiak garrantzizkoak. Eta badaude, ezin dugu pentsatu ezetz. Beraz, biluztu gaitezen kanpotik, baina baita barrutik ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide