Iñaki Agirregomoskorta Adiskide Numerario izendatuko du larunbatean Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak

Andoni Elduaien 2023ko urt. 12a, 08:28
Iñaki Agirregomoskorta. (Txalaparta)

Larunbatean, 12:00etan hasiko da Agirregomoskorta bilbotarraren izendatze ekitaldia Azkoitiko Intsausti jauregian. Horrela jaio zen ETB eta horrela jaio zen bere Dokumentazio-Zentroa sarrera ikasgaia aurkeztuko du hark Azkoitian.

Etzi, larunbata, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (EAE) Adiskide Numerario izendatuko dute Iñaki Agirregomoskorta. 12:00etan hasiko da ekitaldia Azkoitiko Intsausti jauregian. Luis Elizegi EAEko Gipuzkoako lehendakariak irekiko du ekitaldia, eta ondoren, Agirregomoskortak Horrela jaio zen ETB eta horrela jaio zen bere Dokumentazio-Zentroa sarrera ikasgaia aurkeztuko du. Juan Bautista Mendizabal Adiskide Numerarioak, berriz, harrera hitzak egingo dizkio bilbotarrari. Musika emanaldiak ere izango dira etziko ekitaldian.

Deustuko Unibertsitatean Geografia eta Historia Zientzietan lizentziatua da Agirregomoskorta, eta Euskal Herriko Historiako irakaslea izan zen Donostiako campusean; EHUko Zuzenbidearen Historiako irakasle lanetan ere aritu zen. Artxibo ikasketak egin zituen, baita Bibliotekonomiakoak ere. ETB 1983an abian jarri eta zenbait hilabetetara, ETBko Dokumentazio eta Artxiboko buruzagi hautatu zuten deialdi publikoan; sei urtez jardun zuen lan horretan bilbotarrak. Hainbat hilabetetan sektore pribatuan jarduera komertzialak egin ondoren, 1993an ETBko Dokumentazio eta Artxibo buru izatera itzuli zen. 1998an, bestalde, sortu berria zen Euskaltel enpresako Kontu Handien Kudeatzaile kargua bete zuen, harik eta 2014. urtean aurre-erretiroa hartu zuen arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide