Galdu egin dute Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiek

Domusa Teknik ISB-Alconbendas partidaren une bat. (Mikel Otola)

Alcobendasek 54-62 hartu zuen mendean Domusa Teknik ISB Azpeitian, eta Juaristi ISBk 87-72 galdu zuen Ourensen.

Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiek porrot banarekin osatu dute asteburuko jardunaldia. Beren ligetako azken postuetan jarraitzen dute, LF Challenge ligaren azkenaurreko tokian Domusa Teknik ISBk, eta Urrezko LEB ligaren azken tokian Juaristi ISBk.

Domusa Teknik ISBk Vantage Towers Alconbendasekin neurtu zituen indarrak atzo Azpeitiko kiroldegian, eta sailkapenaren goiko aldean dabilen Madrilgo taldea 54-62 nagusitu zen. Atsedenaldiaren aurretik ireki zuen tartea markagailuan Alconbendasek. Bisitariek lehen bi laurdenak 14-18 eta 11-19 menderatuta, 12 puntu atzetik zela ekin zion Iraurgik bigarren zatiari; eta azken bi laurdenak irabazi (18-17 eta 11-8) eta aldea murriztea lortu bazuen ere, ez zen nahikoa izan emaitza Azpeiti-Azkoitiko taldearen alde jartzeko.

Sara Iparragirre, 13 puntu saskiratuta eta 15 puntuko balorazioarekin; eta Intza Lizarazu, 11 puntu saskiratuta eta 12ko balorazioarekin, izan ziren atzo Iraurgikoen jokalaririk nabarmenenak. Emilia Ferreirak 5 puntu eta hiru erreboterekin egin zuen debuta Domusa Teknik ISBrekin. Datorren asteburuan, hemezortzigarren jardunaldian, Picken Clareten kantxan jokatuko dute Joseba Lizarraldek gidatutako emakumeek.

Ourensen ezin Juaristi ISBk

Galizia aldetik esku hutsik itzuli da Juaristi ISB. Atzo, Ourensek 87-72 gainditu zuen Mikel Odriozolaren taldea. Domusa Tekniken antzera, Juaristi ISBkoak ere hasieratik ibili ziren markagailuan atzetik, eta emaitza aldatu nahian eta ezinean hortik amaierara arte. Partidako lehen laurdenean (22-14) zein atsedenaldiaren ondorengoan (28-20) lortu zituzten Ourensekoek alderik handienak; beste biak askoz parekatuagoak izan ziren (14-16 bigarren laurdena, eta 23-22 azkena), baina estutasun gehiegirik gabe eutsi zioten abantailari galiziarrek.

Nathan Hoover izan zen atzokoan Iraurgikoen jokalaririk nabarmenena: 21 puntu saskiratuta, 20ko balorazioa eskuratu zuen. Etxean ariko da datorren asteburuan Juaristi ISB, Lleidaren kontra.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide