Desioz betetako gutunak, Errege Magoek irakur ditzaten

Andoni Elduaien 2023ko urt. 5a, 17:22

Eliz atarian ari dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen laguntzaileak herriko txikienen gutunak jasotzen eta haien desioak entzuten. Hiru Errege Magoak 19:30ean aterako dira kalera zaldi gainean.

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen laguntzaileak eliz atarian ari dira 16:30 geroztik herriko txikienen gutunak jasotzen. Hiru lagunak elizaren atarian jarritako txokoan daude, eta herriko neska-mutilek Errege Magoei helarazi nahi dizkieten kontuen mezulari ari dira izaten. Hain zuzen, haurrek laguntzaileei ari dira ematen Errege Magoentzako dituzten gutunak eta mezuak; laguntzaileek, trukean, gozokiak ematen dizkiete haurrei. Gainera, askok laguntzaileekin argazkia egiteko baliatzen dute unea

Laguntzaileek arratsaldeko lanak geroago amaituko dituzte, baina Errege Magoekin batera, ilundu ostean hasiko dituzte datozen orduetako eginkizun handienak. Etxez etxe opariak banatzen hasi aurretik, Azkoitiko kaleak zaldiz zeharkatuko dituzte Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek. Hiru lagunak Santa Klara komentutik abiatuko dira 19:30ean, eta handik Plazaberrira zuzenduko dira. Herriko plazan egingo dute lehen geldialdia, han Herodesen jauregia bisitatuko baitute. Ohi bezala, herritarrak ere agurtuko dituzte jauregiko balkoitik. Jauregitik atera ostean, Kale Nagusian gora joango dira zaldi gainean, eta San Martin nahiz Ibaiondo kaleak gurutzatu ostean, eliz atariko Jaiotzan egingo dute eskaintza hiru Errege Magoek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide