Eskuratu daitezke 'Kottauak' eta 'Hobe ixilik!' antzezlanetarako sarrerak

Andoni Elduaien 2023ko urt. 5a, 11:22
'Kottauak' antzezlanaren irudia. (Goiena)

Urtarrilaren 21ean eskainiko dute Kottauak antzezlana Baztartxo antzokian, eta otsailaren 4an, Hobe ixilik! antzezlana. Biak ala biak Txalo Produkzioak ekoiztetxearen lanak dira. Sarrerak Entradium atarian eros daitezke, 8 euroan.

Gaur, osteguna, jarri dituzte salgai Entradium atarian otsailaren 11n Baztartxo antzokian taularatuko duten Go!azen 9.0 ikuskizunerako sarrerak. Dena den, dagoeneko eskuragai daude hil honetan eta datorrenean Baztartxo antzokian Txalo Produkzioak ekoiztetxeak eskainiko dituen bi antzezlanetarako sarrerak ere. Kottauak eta Hobe ixilik! antzezlanak ikusteko aukera izango dute herritarrek datozen asteetan.

Urtarrilaren 21ean, Kottauak antzezlana eskainiko dute herriko antzoki nagusian, 19:00etan. Agertokian emakume eta gizon batek osatutako bikote bat agertuko da –Ane Gabarain eta Mikel Laskurain–. Bederatzi urteko bikote harremana dute, baina hamalau hilabeteko sexu-lehortean daude. "Gabezia" horri konponbidea bilatzeko, ikuslearekin hartu-emanean jardungo dute. Getari Etxegaraik zuzendu du komedia lan hau. Antzezlana ikusteko sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke 8 euroan.

Otsailaren 4an, berriz, Hobe ixilik! antzezlana eskainiko dute, leku eta ordu berean. Begoña Bilbaok zuzendu du lana, eta Itziar Ituñok eta Ramon Agirrek antzeztuko dute Baztartxon. Gaur egun, edozer esanda ere, eztabaidarako gai bihurtzen diren gaiak izango ditu bikoteak hizpide. Eztabaida dantzan dago, baina beste kontu bat da non eta nola eztabaidatzen den. Ustez adierazpen askatasuna nagusi den guneetan, jada zenbait gauza ezin dira aipatu ere egin, hala nola eguneroko hitz arruntak, galdera existentzialak eta familiarteko sekretuak. Ituñok eta Agirrek gai horren inguruko antzezlana eskainiko dute Baztartxon. Obra ikusteko sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke, 8 euroan.

Martxoan, hirugarrena

Martxoaren 4an, bestalde, Inoiz ez naiz Dublinen egon antzezlana taularatuko du Tentazioa Produkzioak ekoiztetxeak. Lana besteen bizipen eta sinesmenen onarpenari buruzko komedia garratza da. Bakoitzak bere errealitate propioa eraikitzen duelako, baina noraino da norbera besteena onartzeko? Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko bilduko da, baina aurtengoa berezia da.

Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londrestik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik, Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin. Guztiak daude desiratzen irlandarra ezagutzeko, baina inork ez du espero Cindy pertsonaia ikusezin bat izatea, familia horren oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat. Atetik sartzen den momentuan, pertsona bitxi hau onartu ala ez erabaki beharko dute. Gau zoro batean zehar bakoitzak bere fantasia eta miseriak erakutsiko ditu. Eta elkar onartzeko zailtasunak izan arren, denak gauza berdinaren bila dabiltzala ikusiko da; bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila. Emanaldirako sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke 8 euroan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide