Lehen laurdenak kondenatu du Domusa Teknik ISB liderraren etxean

Andoni Elduaien 2023ko urt. 5a, 09:01
Atzo Zamoran jokatutako partidak irudia (ZamoraYa)

Domusa Teknik ISBk galdu egin zuen atzo arratsaldean Recoletas Zamora liderraren kantxan. Lehen hamar minutuetako jokoak eragin zuzena izan zuen partidan; izan ere, pare-parean lehiatu zuen Joseba Lizarraldek zuzentzen duen taldeak Zamora sailkapeneko buruaren aurka (Espainia).

Domusa Teknik ISBk galdu egin zuen atzo, asteazkena, Recoletas Zamora sailkapeneko liderraren kantxan (71 eta 58). Lehen laurdena zigor handiegia izan zen ISBrentzat, ondorengo 30 minutuetan maila ona erakutsi baitzuen taldeak.

Etxekoak nagusi izan ziren lehen minutuetan, eta hamalau puntuko errenta eskuratu zuten lehen laurdenaren amaierarako (27 eta 13). Hurrengo hiru laurdenetan parekotasun handia erakutsi zuten bai Recoletas Zamorak, bai Domusa Teknik ISBk. Dena den, Joseba Lizarraldek zuzentzen duen taldeak egindako lana ez zen nahikoa izan, etxekoek ondo eutsi baitzieten ISBren oldarraldiei. Hala, zamorarrak hamar puntuko abantailarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Aldageletatik igaro ondoren, norgehiagokak nahiko parean jarraitu zuen. Bi taldeek erakutsi zuten garaipena eskuratzeko nahia. Dena den, errenta puntu baten gorabeheran mantendu zuten etxekoek (53 eta 44). Azken hamar minutuetan, berriz, etxekoek garaipena borobiltzea lortu zuten, ISB ez baitzen markagailuan liderrarengana hurbildu eta hura estu hartzeko gai izan.

Atzo, Josephine De Barros eta Alazne Lizundia izan ziren ISBko jokalaririk onenak. Hamalau puntu saskiratu zituen lehenak, hamabi puntuko balorazioa eskuratzeko; Lizundiak, berriz, hamar puntu saskiratu eta hamabi puntuko balorazioa jaso zuen. Hiru garaipenekin, sailkapeneko azken aurreko postuan dago gaur-gaurkoz Domusa Teknik ISB. Larunbatean, Azpeitian izango du hurrengo hitzordua taldeak. 17:00etan hasita, Vantage Towers Alcobendas taldea hartuko dute Lizarralderenek Azpeitiko kiroldegian.

Ferreira, taldea indartzeko

Domusa Teknik ISBk atzo jakinarazi zuen Emilia Ferreira pibot portugaldarra fitxatu duela denboraldi amaierara arte. Ferreiraren fitxaketarekin taldeak indarra eta zentimetroak bereganatuko ditu barneko jokorako. Ferreirak nazioarteko esperientzia du, baita LF Challenge ligan ere; izan ere, Portugalgo selekzioarekin nahiz Eurocup Women txapelketa jokatutakoa da. Ligan, ostera, Real Canoe taldean aritu zen.

Ferreira, ezkerrean, ISBko fitxaketa berria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide