Mexikok aitortu du Asier Altuna Sortuko kidea "zilegitasun gabe" kanporatu zuela 2015ean

Ane Olaizola 2023ko urt. 4a, 16:26
Altuna, eskuinetik lehena. (Sortu)

2015ean, Sao Pauloko Forora zihoazela, Mexikoko Poliziak herrialdera sarrera ukatu zien Altuna azkoitiarrari eta Floren Aoizi. Alderdia "pozik" da Mexikok Altunaren zein Aoizen aurkako "eskubide urraketa aitortu eta erreparatu" duelako, eta ildo berean azaldu da Altuna ere.

Sortuk jakinarazi duenez, Mexikok aitortu berri du Asier Altuna azkoitiarra eta Floren Aoiz "zilegitasunik gabe" herrialdetik kanporatu eta persona non grata izendatu zituela. Aurrerantzean, beraz, Sortuko bi kide horiek Mexikon sartzeko eta handik irteteko aukera izango dute "inolako eragozpenik gabe", alderdiak adierazi duenez.

2015ean, Mexikoko agintariek ukatu egin zieten azkoitiarrari eta Aoizi herrialde horretara sartzea, Sao Pauloko Forora zihoazela. Mexiko DFko aireportura iristean, Sortuko bi kideak geldiarazi egin zituen Poliziak. "Inolako azalpenik eman gabe, bi hegaldi desberdinetan Madrilera bueltan bidali zituzten", salatu zuen orduan Sortuk.

Mexikok egin duen aitorpena dela eta, Sortu "pozik" agertu da Altunaren zein Aoizen aurkako "eskubide urraketa aitortu eta erreparatu" duelako, eta ildo berean azaldu da Altuna ere. "Debekua bertan behera uztea berri pozgarria da", idatzi du azkoitiarrak sarean. Haren arabera, Mexikon sartzeko zazpi urtez indarrean egon den debekua "oinarri gabea" izan da.

Aoizen esanetan, berriz, "zilegitasunik gabea" izan zen kanporaketa, "erabat arbitrarioa eta injustua". "Mexikok hala aitortu du jendaurrean, oso eskertzekoa den adierazpen batean". Mexiko bizitzen ari den "aro berriaren" testuinguruan kokatu du Sortuko kideak herrialde horrek egindako aitortza. "Gauzak aldatzen ari dira Mexikon, eta Lopez Obradorren gobernuak aro berrian kokatu du Euskal Herriak hain gertu duen Mexikoko herria".

Dena den, Sortuk gogoratu du kanporaketen atzean Espainiako estatuaren "presioak" daudela.
"Espainiako eta Frantziako estatuei dagokienez, Mexikok egin duen neurriaren antzekoen zain gaude, ideia politikoen pertsekuzioari behin betiko bukaera emateko garaia baita".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide