Denis Valorrek irabazi du Anaitasuna Kakute xake taldearen XXXII. Gabonetako Jaialdia

Andoni Elduaien 2023ko urt. 3a, 08:43
Atzoko Gabonetako jaialdian parte hartu zuten gaztetxoek, Kultur Etxean. (Anaitasuna Kakute)

Atzo, astelehena, jokatu zuten xake taldeak haurrentzat eta gaztetxoentzat antolatzen duen XXXII. Gabonetako jaialdia. Kultur Etxean jokatu zuten lehia, eta, guztira, 11 lagunek parte hartu zuten.

Anaitasuna Kakute xake taldeko Denis Valorrek irabazi zuen atzo, astelehena, herriko xake taldeak antolatutako XXXII. Gabonetako Jaialdia. Xakelari gaztetxoenek jarri zuten saltsa atzo xake taldeak Kultur Etxean duen egoitzan. Beste behin, haurrek ikasteko eta gozatzeko aukera ederra izan zuten.

Valorrek jokatutako partida guztiak irabazi zituen, eta bigarren sailkatu zen Lucia Valor. Hirugarren eta laugarren postuetan, berriz, berdindu egin zuten Alaitz Hidalgok eta Maria Okudak. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zumaiako 11 xakelarik parte hartu zuten atzo, eta gurasoen babesarekin, arratsalde ederra igaro zuten guztiek.

Bestalde, Anaitasuna Kakute xake taldeko zuzendaritzak jakinarazi du otsailaren 26an, igandez, Gipuzkoako Txapelketaren zonaldeko lehia antolatuko duela. Gaur-gaurkoz, erabakitzeko dute zonaldeko lehia non jokatuko duten. Dena den, lehia eskualdez eskualde irabazten dutenek Donostian jokatuko den finalera sailkatzea lortuko dute. Maiatzaren 5ean eta 6an jokatuko dute lehia banaka zein taldeka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide