Iker Murua: "Ilusio handia dut Betisen aurka Errege Kopan jokatzeko"

Andoni Elduaien 2023ko urt. 4a, 09:00
Iker Murua Ibiza-Islas Pitiusas taldeko futbol jokalari azkoitiarra. (Argazkiak: utzitakoak)

Iker Murua (Azkoitia, 1990) Eivissan (Herrialde Katalanak) ari da bizitzen etxetik kanpoko lehen futbol esperientzia. Hain zuzen, Ibiza-Islas Pitiusas taldeko jokalaria da azkoitiarra, eta hark Betisen aurka Espainiako Errege Kopako final hamaseirenetako kanporaketa jokatuko du bihar, osteguna, irletako Can Misses zelaian. Murua "gogotsu" dago bere ibilbideko partidarik berezienetako bati aurre egiteko.

Ibiza-Islas Pitiusas taldeko jokalaria zara. Nola sortu zen han jokatzeko aukera?

Iaz, Getxoko [Bizkaia] Arenas taldearekin play-off partidak jokatu eta gero, Eivissara joateko aukera sortu zitzaidan, beste aukera batzuen artean. Proiektu berria eta kluba hazteko gogoa zutela erakutsi zidaten hasieratik, eta pentsatu nuen aukeretan onena hara joatea zela.

Etxetik kanpoko lehen futbol esperientzia ari zara bizitzen han. Zer moduz doa egonaldia?

Ondo ari naiz eramaten. Irla erabat aldatzen da udatik negura. Uda sasoian, turismo handia dago, eta neguan, ez. Alde horretatik askoz ere lasaiago ibiltzeko aukera dago orain. Udan, nahikoa kaos egoten da irlan; izan ere, jende asko etortzen da hona oporretan, eta mugimendu asko egoten da autoekin eta. Udan ordu erdian egiten diren bideak, bost minutuan egiten dira neguan. Aireportua ere kasik hutsik dago orain, mugimendurik gabe. Bestela, ondo dago bizitzeko Eivissa. Klima aldetik ona da, baita tenperatura aldetik ere, baina hezetasun dezente dago. Graduz ez da gehien nabaritzen hori, baina hotza sentitzen da hemen ere.

"Gustura nago Eivissan bizitzen ari naizen futbol esperientziarekin"

Hara joateko erabakia hartzea asko kostatu al zitzaizun?

Ez zen erabaki erraza izan. Beti etxe inguruan ibiltzera ohituta nengoen, eta hemen guztiz desberdina ari da izaten. Halere, betidanik izan dut urteren batean futbolean etxetik kanpo proba egiteko gogoa eta ilusioa. Lehen lana eta futbola, biak, uztartzen nituen, baina, aurten, lan aldetik ez nengoen horren lotuta. Hona etortzeko aukera eta baldintzak onak ziren, eta horregatik erabaki nuen Eivissara etortzea. Gustura nago hemen bizitzen ari naizen futbol esperientziarekin.

Liga txapelketan jaitsiera postuetan zaudete. Zer moduz doakizue denboraldia?

Iaz, igoerako play-off postuetatik kanpo gelditu zen kluba gutxigatik. Taldeak duen proiektuaren barruan, helburu nagusia da igoerako play-off postu horietan sartzea. Helburu horrekin ekin genion denboraldiari, baina urtea ez genuen nahi bezain ondo hasi, eta gaur-gaurkoz jaitsiera postuetatik irtetea da asmoa. Behin hori lortuta, ikusi egin beharko dugu txapelketak noraino eramaten gaituen. Gainera, entrenatzaile aldaketa izan dugu orain dela gutxi; lehen partida galdu egin genuen harekin Zaragozan [Espainia], baina, gero, Eibar kaleratu genuen Espainiako Errege Kopan. Taldeak itxura ona eman zuen Eibarren aurka, eta ea garaipen horrek ligarako indarra ematen digun.

Errege Kopan, beraz, Eibar kaleratzeko gai izan zarete.

Iaz egindako lanaren ondorioz ari da taldea Espainiako Errege Kopa jokatzen. Lehen kanporaketan, Rayo Majadahonda taldeari irabazi genion. Hurrengo zozketan, %93ko aukera genuen Lehen Mailako talde baten aurka aritzeko, eta %7koa Bigarren Mailako baten aurka jokatzeko. Nahiz eta taldean ez zuen ilusio handirik piztu, Eibar egokitu zitzaigun. Dena den, neu azkoitiarra izanda ilusioa egin zidan haren aurka jokatzeak.

Betis izango duzue aurkari biharko kanporaketan. Sari handia izan da zuentzat, ezta?

Bartzelona, Real Madril, Valentzia eta Betis zeuden gure aukeren artean. Bartzelona eta Real Madrilen ostean, Valentzia baino nahiago nuen Betis. Iaz Espainiako Errege Kopa irabazi zuen taldea da Betis, eta gauzak ondo ari dira egiten. Jokalari guztiak oso maila handikoak dira, eta guretzat maila horretako jendearen aurka lehiatzea oso erakargarria da. Maila handiko taldea da Betis eta punta-puntako jokalariak ditu.

"Maila handiko taldea da Betis eta punta-puntako jokalariak ditu"

Zer ilusio sortu du zugan partidak?

Ilusio handia dut Betisen aurka Errege Kopan jokatzeko. Maila horretako jokalarien aurka jokatzeko aukerak oso gutxi izaten dira gure mailako jokalarien artean. Orain, aukera dugu, eta gogotsu gaude partida jokatzeko. Horrez gain, Eivissarentzat garrantzitsua da halako partida bat hartzea; izan ere, futbola hazten ari da irlan, eta horrelako partidek xarma sortzen dute taldea eta uhartea futbolarekin lotzeko garaian.

Orain arteko partida bereziena izango al da zuretzat Betisen aurkakoa?

Bai, baietz esan daiteke. Errege Kopan ez dut inoiz izan Lehen Mailako talderen baten aurka jokatzeko aukerarik; mailarik altueneko taldea da, eta noski, ilusio berezia sortzen dit. Halako partidak ez dira askotan jokatzen. Sari bat bezala hartuta, nire asmoa da ahalik eta gehien gozatzea.

Aurpegi ezagunak izango dituzu aurrean. Ba al duzu inori kamiseta eskatzeko asmorik?

Eibarren aurka jokatu genuenean, Gustavo Blanco Leschuk aurrelariari eskatu nion kamiseta, kuadrillako batek lortzerik izango al nuen galdetu zidalako. Egia esan, ez dut buruan inori kamiseta eskatzea; norbait parean tokatzen bada hartuko dut. Oraingoz, gainera, inork ez dit inoren kamisetarik eskatu espresuki, baina eskatzen badidate, saiatuko naiz lortzen.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide