Euskal presoen etxeratzeak aldarrikatuz agurtu dute urtea Azkoitian

Ane Olaizola 2022ko abe. 31a, 18:51

Etxera bidea gertu lelopean, herritar ugarik manifestazioa egin dute arratsaldean, Azkoitiko Sareren deialdiari erantzunez. Etxeratze prozesua "bururaino" eraman arte, "elkarlana, aktibazioa eta mobilizazioa" sustatzen jarraituko duela azpimarratu dute antolatzaileek. 

Dozenaka lagun atera dira arratsaldean Azkoitiko kaleetara, Sarek deitutako manifestaziora. Ohiko moduan, presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko baliatu dute urteko azken eguna, eta aurten, Etxera bidea gertu lelopean zeharkatu dituzte herriko kaleak, 18:30ean plazan hasita. Hain zuzen, presoak egun "gertuago" egonagatik, oraindik "bide luzea" egiteko dagoela azpimarratu du Sarek manifestazioaren amaieran berriz plazan elkartu direnean.  "Asko dira legeak dion baldintza guztiak beteta, baimenik jasotzen ari ez direnak: adibidez, hirugarren graduan 110 presok egon beharko lukete, eta soilik 33 daude. Etxeratze bidean, traba horiek nabariak dira. Kartzelako zuzendaritzen txostenen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakien gainetik, Madrilgo oldarraldiak oztopo dira bide horretan. Bederatzi gradu erregresio izan dira, eta hori, salbuespen neurriak bertan behera geratzeko bidean, izugarrizko atzerapausoa da. Gainera, hamahiru dira epaiaren zain daudenak, Auzitegi Nazionalaren fiskaltzaren errekurtsoak etengabeak dira, eta hori soilik mendeku eta gorroto ikuspuntu batetik uler dezakegu", esan dute antolatzaileek.

Dena den, Sarek "elkarbizitza eta etxeratze prozesua normaltasunez" emateko lanean jarraitzeko "asmo irmoa" duela adierazi du, eta etxeratze prozesua "bururaino" eraman arte, "elkarlana, aktibazioa eta mobilizazioa" sustatzen jarraituko duela gaineratu. "Denon artean elkarlanean aritzeak duen indarraz jabe izan behar gara, eta bide horretan sakontzea besterik ez daukagu, horrela gaindituko ditugulako oraingo trabak ere". Bide horretan, urtarrilaren 7an Bilbon egingo duten manifestaziora joatera gonbidatu dituzte herritarrak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide