Anariren ibilbideko abestiekin gozatu dute musikazaleek Matadeixen

Andoni Elduaien 2022ko abe. 30a, 17:20

Atzo eskaini zuen Anarik bere bandarekin azken kontzertua; izan ere, jakinarazi dute "denbora tarte batez" ez dutela berak eta bandak elkarrekin kontzerturik eskainiko. Bakarkako eta taldeko hainbat abesti kantatu zituen Matadeixen, han bildutako ikus-entzuleen gozamenerako.

Anarik kontzertua eskaini zuen atzo, osteguna, Matadeixen. Atzokoa "denbora tarte batez" bere bandarekin eskainiko duen azken kontzertua izan zen. Emanaldi berezia eskaini zuten Anarik eta bere bandak Matadeixen. Bandarekin batera, hainbat kantu eskaini zituen musikari azkoitiarrak kontzertua hasteko, baina bakarkako beste zenbait kantu abesteko tartea ere hartu zuen Anarik. Amaieran, Vinu, cantares y amor abestiaren bertsioa abestu zuen Anarik oholtzan, eta orduan, Sostenipe talde feministako kideei —ibilbidea amaitutzat eman zuen aurtengo martxoan— aitortza egin zien abeslariak, Azkoitia bezalako "herri antzu batean egindako lana" eskertzeko. Lehenik hitz batzuk egin zizkien Anarik talde feministako kideei, eta ondoren, guztiek elkarrekin abestu zuten.

Anarik 1995 urtean hasi zuen musika bidea Azkoitian, eta geroztik, ez da agertokietatik jaitsi. Urte hauetan guztietan iraupen luzeko bost disko eta zenbait kantu pilatu ditu bidean. Estudioko azken emaitza bi kantuz osaturiko Orain entzungo duzun hau… (Bidehuts) disko txikia da. Bandarekin batera aritu zen atzo Matadeixen Anari (ahotsa eta gitarra), eta bidelagun izan zituen Ander Mujika (gitarra), Xabier Olazabal (baxua), Mikel Txopeitia (bateria), Mariano Hurtado, (pianoa eta hammonda) eta Xabi Etxeberri (biola).

Argazkiak: Ainhoa Beristain

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide