Bilboko hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea deitu du udalak biharko

Anartz Izagirre 2022ko abe. 28a, 14:38

45 urteko emakume bat hil du gizon batek Bilbon, eta Azkoitiko Udalak gertaera salatu eta elkarretaratzea deitu du. Bihar, osteguna, 12:00etan izango da mobilizazioa, plazan. Herritarrei bertan parteko hartzeko deia egin die erakundeak.

Berria egunkariak duela iragarri duenez, 44 urteko gizonezko batek 45 urteko emakume bat hil du Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. 09:00etan gizonak berak deitu die udaltzainei, eta atxilotu egin dute. Albiste agentziek emandako informazioaren arabera, gizona hildakoaren senarra da, baina Ertzaintzak ohartarazi du oraindik ez dakitela zein den biktimaren eta ustezko hiltzailearen arteko harremana.

Azkoitiko Udalak gertaera gaitzetsi du, eta biharko, osteguna, elkarretaratze isila deitu du. 12:00etan izango da mobilizazioa, plazan, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin die erakundeak. "Udalak bere gaitzespenik irmoena azaldu du jazotako krudelkeriaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei. Emakumeenganako indarkeria, era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa onartezina", azaldu du udalak.

Era berean, erakundeak jakinarazi du halako gertaeren aurrean sentsibilizazio eta prebentzio ekintzekin jarraitzeko asmoa dutela: "Gizarte osoak du erantzukizuna benetako berdintasuna lortzerako bidean".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide