Ilusioa eta irribarreak izan dira protagonista Olentzeroren eta Mari Domingiren etorreran

Anartz Izagirre 2022ko abe. 24a, 13:10

Gabon eguna da gaur, abenduak 24, eta Olentzerok zein Mari Domingik herriko kaleak gurutzatu dituzte auto klasiko batean, herritarrak agurtzeko. Ondoren, eliz atarian haurren eta gaztetxoen gutunak jasotzen aritu dira biak ala biak, eta harrera beroa egin diete herriko txikienek. Goizean goizetik hasita Gabon giroa nagusitu da herrian.

Iritsi da Euskal Herriko haurrek eta gaztetxoek horrenbeste esperotako eguna. Gaur, Gabon egunez, Olentzerok eta Mari Domingik herrialdeko ehunka txoko bisitatuko dituzte ondo portatu diren herritarrei opariak lagatzeko, eta goizean Azkoitian izan dira herriko haurrak eta gaztetxoak bisitatzen. Antonio Sudupe Piok gidaturiko auto klasiko batean herriko hainbat txoko zeharkatu dituzte lehenik, eta ondoren, Balda plazatik barrena, Plazaberri igaro eta eliz atarian egin dute geldialdia, bertan herritarren gutunak jasotzeko.

Ilusioz eta irribarrez hartu dituzte Azkoitiko herritarrek Olentzero zein Mari Domingi, eta bihar jaso nahi dituzten oparien zerrenda emateaz aparte, haiekin argazkiak ateratzeko abagunea izan dute. Gainera, haurrek beraien eskutitzetan izen-abizenak eta kontakturako telefono zenbaki bat jartzeko aukera izan dute eskutitzetan; izan ere, ikazkinek jasotako eskutitz guztien artean hamar zozketa egingo dituzte, eta horiek guztiek oparia jasoko dute.

Jai giroa goizetik

Herrian goizean goizetik nabarmendu da Gabon giroa. Izan ere, hainbat izan dira Gabon eskean atera diren herritarrak; tartean, Floreaga Ikastetxeko kideak ibili dira trikitiaz lagundurik herriko kaleak gurutzatzen. Horrez gain, Azkoitiko Udal Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak Gabonetako kontzertua eskaini dute Kontzejupean, eta dozenaka herritarren arreta bereganatu du ekitaldiak. Egun osoan zehar jarraituko du jaiak, eta 19:00etatik aurrera, ohi bezala, Gabonetako karta jokoa izango da tabernetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide