"Pertsona zaurgarriekin" pentsatutako udal aurrekontuak ahalbidetu dituela esan du PSE-EEk

Andoni Elduaien 2022ko abe. 22a, 14:40
Janire Igoa, PSE-EEko bozeramailea. (Azkoitiko PSE-EE)

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, 2023. urteko udal aurrekontuak onartuko dituzte gaur, osteguna, udaletxeko bilkura areto nagusian. Janire Igoa PSE-EEko zinegotziak adierazi du "PSE-EEren proposamen garrantzitsuak" jaso dituztela datorren urteko aurrekontu proiektuan. Besteak beste, zinegotzi sozialistak adierazi du espaloien tratamendurako, parkeen mantenurako, atletismo pistaren proiekturako eta udal eraikinetan piktogramak jartzeko partidak adostu dituztela jeltzaleek eta sozialistek.

Gaur, osteguna, Azkoitiko Udalak ezohiko udalbatzarra egingo du, eta han 2023. urteko udal aurrekontuak eztabaidatu eta onartuko dituzte. Azkoitiko PSE-EEko Janire Igoa zinegotzia "oso pozik" agertu da EAJrekin lortu duten akordioarekin. "Pertsona zaurgarrienekin pentsatutako aurrekontuak egitea eta inor atzean ez geratzea lortu dugu sozialistok. Gizarte zerbitzuak indartzea eta herritarren ongizatea bermatzea ere ziurtatu dugu. Azkoitiarren beharrei erantzuten dieten aurrekontuak dira", azaldu du PSE-EEko zinegotziak ohar bidez.

Zinegotziaren arabera, 2023. urteko aurrekontu proiektuan "PSE-EEren proposamen garrantzitsuak" jaso dituzte, hala nola espaloien tratamendua. Hasierako partida %60 handitzea adostu dute sozialistek jeltzaleekin. "Azkoitiko espazio publikoen mantentze lanen zati garrantzitsu bat izango da hori, oinezkoek zorua bustita dagoenean irrist egin ez dezaten", adierazi du Igoak. Parkeen mantenurako partida ere %50 igoko dute datorren urteko aurrekontuan. "Natura ondarearen babesean, sustapenean eta garapenean aurrera egitea lortuko dugu, espazio publiko berdeak dituen herria bultzatuz eta gure bizilagunen bizitza hobetuz".

Bestalde, sozialistek jakinarazi dute Azkoitian atletismo pista bat egiteko proiekturako partida bat jaso dutela. "Herritarren artean kirola egitea sustatzeaz gain, kirolariek garapen handiagoa izango dute kirol mailan", adierazi du. Era berean, kiroldegian spa eremua hobetuko dutela azaldu du Igoak. Alde batetik, kontraste bainu bat gehituko dute, eta bestetik, menda lurruna gehituko da sauna hezean.

Udal eraikinetan piktogramak jarriko dituztela ere iragarri du alderdi sozialistak. "Lanketa horrekin Azkoitiko irisgarritasuna hobetuko da, eta aurrerapen handia izango da aniztasun funtzionala duten pertsonak gizarteratzeko. Are gehiago, migratzaileentzat ere onuragarria izango da, piktogramek ez baitute letrarik". Igoak adierazi du "hizkuntza unibertsala sustatzea" dela lanketa horren asmo nagusia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide