Lore eskaintzarekin oroitu dute Kattu, haren hilketaren 39. urteurrenean

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 18a, 13:22

Bihar beteko dira 39 urte GALek Ramon Oñederra Kattu Baionan hil zuela. Urtero gisan, lore eskaintza egin dute hainbat senide eta herritarrek parrokiaren ondoko monolitoan.

Abenduak 19an, bihar, 39 urte beteko dira GALen mertzenarioek Ramon Oñederra (Azkoitia, 1960-1983) Kattu hil zutela. 1983. urteko abenduaren 19an hil zuen GALek tiroz azkoitiarra Baionako Kayetenia ostatuan, hain justu, lan egiten zuen tabernan. Askapenerako Terrorismoaren Aurkako Taldearen lehen hilketa izan zen Katturena.

Hilketaren urteurrenean, eta urtero bezala, 12:00etan hasita, lore eskaintza egin dute senitartekoek eta gertukoek eliz atarian Katturen omenez jarritako monolitoan. "Oroimena eta erreparazioa" aldarrikatu dute han bildutakoek. 

Abenduaren 26an, berriz, Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeak Kattu Xake Memoriala egingo du Kultur Etxean duen egoitzan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide