Talleres Arrietak Kudeaketa Aurreratuaren brontzezko saria jaso du

Andoni Elduaien 2022ko abe. 15a, 10:55
Talleres Arrietako ordezkaria, eskuinetik bigarrena. (Irekia)

Kudeaketa Aurreratuaren 'A' aintzatespenaren brontzezko saria jaso zuen doitasun handiko piezak mekanizatzen dituen Azkoitiko lantegiak. Donostiako Kursaal jauregian egin zuten atzo arratsaldean sari banaketa ekitaldia.

Euskalit bikaintasunerako euskal fundazioak banatzen duen Kudeaketa Aurreratuaren brontzezko aintzatespena jaso du Azkoitiko Talleres Arrieta lantegiak. Atzo, asteazkena, Donostiako Kursaal jauregian egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta han izan zen Azkoitiko lantegiko ordezkaritza bat saria jasotzen. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Jorge Arevalo Hezkuntza sailburuak parte hartu zuten ekitaldian.

Sariak urtero banatzen ditu Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeetan Kudeaketa Aurreratua sustatzeko lan egiten duen Euskalit fundazioaren bidez. Han justu, erakunde aurreratuenak eta kudeaketa jardunbide egokienak dituztenak saritzen dituzte. Hiru kategoriatan banatzen dituzte sariak, eta Azkoitiko lantegiak Kudeaketa Aurreratuaren 'A' aintzatespena jaso zuen brontzezko kategorian. 1962. urtean sortutako enpresa da Talleres Arrieta, eta doitasun handiko piezak mekanizatzen dituzte Juin Txiki industrialdean duten egoitzan.

Euskalit fundazio gisa eratutako erakundea da. Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, eta haren helburua da lehiakortasun eta gaitasun berritzailean eta EAEren garapen jasangarrian laguntzeko, erabilgarritasunaren, efizientziaren eta hurbiltasunaren bidez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide