Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Ohiana Goenaga: "Ekintzaile izan nahi duenak egokitzen zaizkion egoera desberdinak gainditzen edota horietara moldatzen jakin behar du"

Erredakzioa 2022ko abe. 15a, 11:25

Irailean zabaldu zituen ateak Mima etxeko osagarrien dendak Azpeitiko Loiolako Inazio Hiribidean. Ohiana Goenagaren proiektu mimatua da Mima; izan ere, aurreko jabeak eskaintzen zuen zerbitzua mantentzeaz gain, bere ukitu pertsonala gehitu dio.

Nolakoa izan da Mima sortzeko prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?

Lanez aldatzea tokatu zitzaidan, eta, beraz, lan eskaintzen txokoak begiratzen hasi nintzen. Halako batean, dekorazio denda baten eskualdaketa bat aurkitu eta aurkeztea erabaki nuen. Elkarrizketa egin nuen, eta asko gustatu zitzaidan proposamena. Baziren, ordea, beste hautagai batzuk, eta denbora tarte baten esperoan egon ostean, ni izan nintzen hautatua.

Zure kasuan, eskualdaketa bat izan da. Nolakoa izan zer prozesua eta zer ikasi zenuen prozesu horretatik?

Aurreko jabeak erretiroa hartu behar zuen, eta berak nahiago zuen negozioa hartzen zuenak jarduera bera mantentzea. Nik hori nahi nuen, dekorazio dendarekin jarraitzea. Hala, aukeratu nindutenean, hilabeteak igaro nituen berarekin saltokiaren egunerokotasuna eta martxa ezagutzen. Zortez, lehenagotik nenbilen Iraurgi Berritzen garapen agentziarekin ikastaro eta proiektu desberdinak egiten; oso profesionalak dira. Jakintza horrek asko erraztu zidan Mima sortzeko garaian egin nuen enpresa planaren prozesua.

Zer oztopori, beldurri, egin behar izan diezu aurre?

Ekonomikoki apustua egitea zen beldur gehiena ematen zidan arloa, eta ofizioa bera ondo ikastea. Baina horretarako igaro nituen hilabeteak aurreko jabearekin, oso ondo irakatsi zidan, eta horrek segurtasun handia eman zidan. Dekorazioaren arloa berrikuntza ugari dituen mundua da, azkar ari da aldatzen, eta ikasten joan behar duzu, eguneratzen.

Zer moduz lehengo hilabeteak?

Ondo! Aldi berean lan asko egin behar izan dut dendari jarraipena ematen, ez baita itxi: eskualdaketa dela medio, harremanetan jarri hornitzaileekin, burokrazia guztia kudeatu, nire estiloa eta ukitua eman. Baina bezeroak mantendu egin dira, jarraitzen dute etortzen, eta pozik nago.

"Nabarmentzekoa iruditzen zait bakarrik kudeatu arren, inoiz ez zaudela bakarrik, inguruko eta konfiantzazko sarea osatzea garrantzitsua da"

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Zeurea den proiektua zeure asmo eta ideiekin aurrera atera nahi duzula ziur edukiz gero, abantaila guztiak dituzu. Gauzak zure modura egiteko bideak aurkituko dituzu, nahiz eta beti egon oztopoak; dena ez da pentsatu bezala aterako. Hala ere, azalpenak zure buruari bakarrik eman behar dizkiozu, zure ordutegiaren, lanaren eta beharren arabera. Desabantaila, berriz, bakarrik zaudela da; hau da, ez bazara ondo sentitzen, ez duzu inor izango zure lana egiteko. Hala ere, nabarmentzekoa iruditzen zait bakarrik kudeatu arren, inoiz ez zaudela bakarri. Inguruko eta konfiantzazko sarea osatzea garrantzitsua da.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak? Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Egunerokotasunean sortzen diren oztopo txikiei zein handiei erantzuten jakitea da gakoa; amore ez ematea eta erresilientzia izatea. Ekintzaile izan nahi duenak egokitzen zaizkion egoera desberdinak gainditzen edota horietara moldatzen jakin behar du.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Mima dendari jarraipena ematea nahi dut, bezeroei arretarik onena ematea, eta haiek gustura uztea emandako zerbitzuarekin. Bestalde, dekorazio arloan izango diren berrikuntzen aurrean ondo moldatzea nahiko nuke. Horiek dira nire asmo nagusiak.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide